Programan parte hartzen duten herriko 8 Ikastetxeetako eko-ordezkariak Merkatuzarren elkartu dira maiatzaren 2an, herriko “Eskolarteko Foroa” deritzon bileran. Bertan, osatu dituzten diagnostikotik ateratako ondorioak amankomunean jarri dituzte, eta hartutako konpromisoak eta udal-ordezkariei egin nahi dizkieten proposamen edo eskaerak adostu dituzte. Foro honetatik ateratako azken emaitza Udalera eramango dute maiatzaren 30ean, alkateak eta beste hainbat herri-ordezkarik parte hartuko duten udalbatza berezi batera.
CIMASUB, Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa, Niessen Kulturgunera iritsiko da bere 10. edizioan. Maiatzaren 2an, 4an eta 9an, 19:00etan, sarrera doan dela, planeta osoko itsaspeko argazki- eta bideo-lan onenez gozatzeko aukera izango da. Lan horiek ozeanoen edertasuna eta degradazioa erakusten laguntzen dute, gizakiok bizitza osorako bizi-ingurune baten gainean egiten dugun presioa bereziki azpimarratuz.
Igantziko lepoa, eta Pertsele eta Aldurako tontorrak (Natura 2000 Sarea) eta ingurua ezagutzeko ibilbide gidatua antolatu du Fanderiako Errotako Ibaiaren Interpretazio Zentroak (Ibaiaren Etxea). Bisita gidatua apirilaren 16an izango da, 10:00etatik 14:00ak arte. Irteera eta topalekua Susperregin izango da. Bisita doakoa da eta apirilaren 14a baino lehen eman behar da izena.
Martxoaren 23tik 30era bitartean Gipuzkoako bederatzi udalerritan burutzen ari da ‘Gnat Zinema’ Natura eta Ingurumeneko Zinemaren III. Erakuskaldia. Errenteriak hirugarren edizio honetan ere parte hartuko du proiekzio bikoitzarekin: martxoaren 29an, 19:00etan, Niessen Zineman, “Joy” eta “Cuerdas” dokumentalak ikusi ahal izango dira, doan.