Eraikin honek aditzera ematen du Errenterian industriak izan zuen indarra eta bilakaera, beti ere uraren indarra baliatuta, XV. mendean (1450) Renteriola burdinolarako energia gisa erabiltzen baitzen. Burdinola hori urteekin bihurtu zen fanderia, errota eta irin- eta pentsu-fabrika, eta 1996an eten zuen industria-jarduera. 500 urtez industria etengabe berritzen aritu da, gaur egun arte: (Errotaren historia ikusteko, sakatu hemen):
Maiatzaren 14an, lurraldeko beste errotekin batera, Gipuzkoako Erroten Eguna ospatuko du Fanderiako Errotako Ibaiaren Interpretazio Zentroak. Egun horretan, doako bisita gidatuak antolatuko dira errotaren historia eta funtzioa ezagutzeko. Bisitak ondorengo orduetan egingo dira: 10:30etan (euskaraz), 11:30etan (gazteleraz) eta 12:30etan (euskaraz) izango dira bisitak.
Igantziko lepoa, eta Pertsele eta Aldurako tontorrak (Natura 2000 Sarea) eta ingurua ezagutzeko ibilbide gidatua antolatu du Fanderiako Errotako Ibaiaren Interpretazio Zentroak (Ibaiaren Etxea). Bisita gidatua apirilaren 16an izango da, 10:00etatik 14:00ak arte. Irteera eta topalekua Susperregin izango da. Bisita doakoa da eta apirilaren 14a baino lehen eman behar da izena.