Programan parte hartzen duten herriko 8 Ikastetxeetako eko-ordezkariak Merkatuzarren elkartu dira maiatzaren 2an, herriko “Eskolarteko Foroa” deritzon bileran. Bertan, osatu dituzten diagnostikotik ateratako ondorioak amankomunean jarri dituzte, eta hartutako konpromisoak eta udal-ordezkariei egin nahi dizkieten proposamen edo eskaerak adostu dituzte. Foro honetatik ateratako azken emaitza Udalera eramango dute maiatzaren 30ean, alkateak eta beste hainbat herri-ordezkarik parte hartuko duten udalbatza berezi batera.
Ikasturte honetan, Eskola Agenda 2030ko partaide diren ikastetxeak energiaren gaian eta, bide batez, Nazio Batuen 7. Garapen Jasangarriko Helburuan murgilduta daude (“Energia eskuragarri eta ez-kutsatzailea”). Gaia ez da erraza izan, baino bai oso mamitsua eta gaurkotasun handikoa.
Ikasturtea ikastetxeak bonbilla berezi batzuekin apainduz eta ikasle, irakasle eta bestelako partaide guztiak hautatutako gaiaren inguruan informatuz hasi zuten. Ondoren, bi diagnostiko egin dituzte, bata eskolakoa eta bestea herrikoa, energiaren inguruko hainbat galderari erantzuna eman asmoz: Zenbat eta nola erabiltzen dugu energia? Nolako energia erabiltzen dugu? Nondik dator? Bere kontsumoak duen eraginaz ohartzen al gara?... Diagnostiko hauetatik ondorio batzuk atera dituzte: zer dagoen ongi eta zer gaizki (bai eskolan eta bai herrian), eta nola hobetu daitekeen guztion artean egun bizi dugun egoera. Helburu horrekin, konpromiso batzuk hartu dituzte eta beraien esku ez dagoena, Udalari eskatuko diote.