Aiako Harria Parke Naturala eta Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) Gipuzkoako ekialdeko muturrean kokatzen da. Bidasoa ibaitik Urumea ibairaino hedatzen da, ekialdean Lapurdi eta hegoaldekoa Nafarroa mugakide izanik. Bi ibai hauekin batera Natura 2000 Sarearen barruan babestuta dago Aiako Harria. Eremu hau Parke Natural gisa 1995etik babestuta dago, 2004an Natura 2000 Sareko Garrantzia Komunitarioko Lekuen (GKL) zerrendan sartu zuen Europako Batzordeak, eta 2013an KBE izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak, bere kontserbazio-neurriak ere onartuz.
Aiako Harriko Parke Naturalak 6.913 hektareako azalera du eta, alboan duen itsas bazterretik 800 metrotik gora altxatzen da, elefante taldearen itsura hartuz. Irumugarrieta, Txurrumurru eta Erroilbide gailurrak nagusi dituen batolito hau Paleozoikoan sortu zen eta, ondorioz, Euskal Herriko materialik zaharrenak azaleratzen ditu. Pirinioen mendebaldeko ertza osatzen du harkaitz plutoniko honek (ale xeheko edo larriko granitoak eta granodioritoak) eta honen aureola metamorfikoak (eskistoak, grawakak, eta abar). Interes geologikoa are nabarmenagoa da mea-zainak daudelako; horietako batzuk ezagunak eta ustiatuak, gutxienez erromatarren garaitik. Lurrak oso azidoak dira, eta horrek isla garbia du inguruko landare-estalduran.
Parkea eskualde biogeografiko atlantikoan kokatzen da, eta bertan hainbat sektore bereizi daitezke, ingurumen-ezaugarrien arabera. Hegoaldea baso naturalez (pagadiak eta hariztiak) eta baso-landaketez estalita dago gehienbat, artzaintzara xedatutako ordokiekin. KBEren azaleraren %30 inguru (2.000 ha) natura-intereseko habitatek hartzen dute.
Iparraldean -Endarako sakana- Aiako Harriko mendigunearen mendi-adarrak daude. Malda handiko hegal hauen eremu gehiena harkaitz-gune ugariko basoez estalita dago. Bidasoa ibaiaren behealdean kotarik baxuena (6 metro) egon arren, eremu honetako zatirik handiena (%71) 200 eta 500 metroko altueran geratzen da.
Pirinioen atari honetan Bizkaiko Golkoko aire-masen hezetasuna kondentsatzen da eta, ondorioz, euri asko egiten du bertan. Neguan balio maximoak hartzen baditu ere, urteko prezipitazioak 2.000 mm-tik gorakoak dira bailaratan; gailurretan, berriz, 2.800 mm-ra iristen dira. Bere kota eta plubiometriarengatik, eremu honetan ur-hornidurarako eta energia hidroelektriko sortzeko azpiegitura ezberdinak kokatzen dira, besteak beste, Parke Naturalaren ipar-ekialdean kokatzen den Añarbeko urtegia (Gipuzkoako biztanleriaren erdia -300.000 biztanle inguru- hornitzen ditu).
Parke Naturalaren eremu nagusiena basoek eta egur-ustiapen exotikoek osatzen dute: pagadiak, hariztiak eta baso-landaketak, bai koniferenak eta baita hostozabalenak ere. Abeltzaintza estentsiboak ere badu nolabaiteko garrantzia altuera handieneko guneetan eta, gainerakoetan ere, modu bakanean. Baserri gutxi daude babesgunearen eremuan, eta horiek oso sakabanatuta kokatzen dira.
Gipuzkoaren ekialdeko hiriguneak oso hurbil ditu eta, horregatik, eremu honek aisialdirako funtzio garrantzitsua betetzen du; txangozale, mendizale eta egun-pasa joaten dira Listorreta, Pikoketa, Arditurri edo bestelako sarbideetatik.
Aiako Harriko Parke Naturala eta KBEren azalera Lurralde Historikoko bost udalerriren artean banatzen da: Irun, Oiartzun, Errenteria, Hernani eta Donostia. Lehen sektoreak oso garrantzi txikia du, eta jarduera industrialak nahiz zerbitzuzkoak dira nabarmenenak. Horregatik, udalerri horiek mendekotasun txikia dute Aiako Harriko lurraldearen erabileratik eratorritako dinamikekiko. Gainera, KBE barruan ez dago bizi-eremurik, nahiz eta han-hemenka zenbait baserri kokatu (batez ere Oiartzunen).
Hiriguneak handiak dira eskualde hauetan (Donostialdea, Oarsoaldea, Bidasoaldea) eta, orotara, Gipuzkoako biztanleria osoaren %45 hartzen dute. Horrek nabarmen baldintzatzen du KBEren erabilera publikoa eta aisialdi-erabilera. Urtean 575.037 pertsonak bisitatzen dutela kalkulatzen da.
Jabetza publikoa da nagusi (bost Udalen Herri-onurako Mendiak) eta azaleraren %83´2 hartzen du. Horrek mendiaren aprobetxamendu integrala eta baso-masen zaintza bermatzen dela ekartzen du. Hori ez dator bat Gipuzkoako gainerako lurraldeko baso-jabetzaren errealitatearekin; izan ere, beste lekuetan baso-jabetza nagusiki pribatua izan ohi da (%80).
Aiako Harria KBEn kokatzen diren Herri-onurako Mendiak (HOM) eta horien jabeak ondorengo hauek dira:
Aiako Harriarekin lotura duten intereseko dokumentuak