Gure kaleak hobetzea: horra hor gure aukera lelopean, Errenteriak 2014ko Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin bat egin du. Irailaren 16tik 22ra bitartean garatzen den sentsibilizazio-kanpaina honek, gure herri eta hirietako kaleak berriz ere oinezkoentzat berreskuratzea du helburu.
Errenteriako Udalak, bere Mendi eta Ingurumeneko Sailaren bidez, hainbat ekimen burutuko du aste horren baitan:
1.- Txirrinda-Jaia: bizikletak hiriko protagonista bihurtuko dira irailaren 20an. Ibilbideak bi multzo nagusi izango ditu:
‐ Benjaminak: 9-10 urte bitarteko gaztetxoek 11:00etan abiatuko dute bizikleta jaia. Bertan parte hartu nahi dutenek 10:45 inguruan hurbildu beharko dute irteera gunera.
‐ Alebinak: 11-12 urte bitarteko gazteak 12:00etan izango dute hasiera ordua. Kasu honetan ere, elkartzeko ordua 11:45ean izango da.
Ibilbideak Biteri kalean (Morrongilleta kalearen parean) izango du hasiera eta hiriko hainbat auzotik igaro ostean (Alaberga, Iztieta, Fanderia, ...), Biteri kaleko leku berean izango du amaiera (ibilbidearen planoa). Gaztetxoei ez ezik, antolatzaileek guraso, hiritarrei eta txirrindaren aldeko eragile sozialei luzatu nahi die bertan parte hartzeko gonbita.
2.- Errenteriako Txirrinda eta Oinezkoen Mugikortasun-planaren Partehartze-prozesua: datozen urteotan Errenteriako oinezko zein bizikleta joan-etorriak hobetu, handitu eta mugikortasun iraunkorraren ikuspegia hiri-plangintzan barneratzeko planaren osatze lanetan ari da Udala. Hain zuzen ere, osaketa fase horretan, Udalak ezinbestekotzat jotzen du hiritarrek eta eragile sozialek eta ekologistek planari ekarpenak egiteko aukera zabalik uztea. Horretarako, parte-hartze publikoko txanda bat irekiko da irailean, eta gainera www.errenteriaingurumena.net webgunean partaidetzarako atal bat sortuko du Udalak, interesa duen edonork bere ekarpena egiteko aukera izan dezan.
Animatu eta parte hartu!