Zer da?
Gipuzkoako Nekazaritza Lurren Funtsaren helburua nekazaritzako lur erabilgarriak babestea eta gal ez daitezen neurriak hartzea da; erabiltzen ez diren lurrak eskaintzea; eta ustiategi berriak martxan jartzea eta dauden ustiategien zabalkuntza sustatzea.
Nola arautzen da?
Nekazal-lurren Funtsa 10/2013 Foru Dekretuak arautzen du. Gipuzkoako Foru Aldundia da Nekazal-lurren Funtsaren administrazio eta kudeaketaz arduratzen den erakundea. Horrekin batera, lursailen jabeei eta lurrak ustiatuko dituztenei konfiantza, segurtasuna eta bermea ematea da Foru Aldundiaren helburua. Ustia daitezkeen lurrak jabe pribatu edo publikoenak izan daitezke.
Nola hartu dezaket parte?
Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero deialdia egiten du, ustiatzeko dauden lurren zerrenda zein den argitaratuz (non kokatuta dauden, zein lur mota den, etab. zehazten da deialdian). Interesa duten herritarrek, lurraren eskaera egiteaz gain, landu nahi duten proiektuari buruzko informazioa aurkeztu behar dute Nekazal-lurren Funtsan. Ondoren, Foru Aldundiak deialdira aurkeztu diren eskaera guztiak aztertzen ditu eta lursail bat herritar bati baino gehiagori interesatzen bazaio, 10/2013 Foru Dekretuaren 14. artikuluan jasotako balorazio-irizpideak erabiltzen ditu, lursaila nori esleitu erabaki ahal izateko.
Behin puntu horretara iritsita, lursailaren jabearen eta lurrak ustiatuko dituen pertsonaren arteko kontratu bat sinatzen da eta Foru Aldundiak egiten ditu bitartekari lanak. 2 alderdiak lursaila ustiatzeko prezioaren inguruan adostasun batera iritsiko ez balira, Foru Aldundia izango litzateke prezioa ezartzeaz arduratuko litzatekeena (lurra ustiatuko duenak, berme moduan, prezioaren 3 hilekoren baliokidea den fidantza ezarri behar du). Lurrak ustiatzeko gutxieneko epea 5 urtekoa da (30 urtera arteko lagapenak egin daitezke -denbora luzeagokoak, ez-).
Informazio gehiago www.nekagip.net web gunean.