Irailaren 18tik 21era Errenterian ospatuko den Atlantikaldia jaialdiaren barruan, Oiartzun ibaiaren garbiketa ere antolatu dute. Jose Manuel Ferradas ingurumen zinegotziak jakinarazi duenez, Gabierrota eta Lartzabal artean dagoen ibai zatia izango da sinbolikoki "garbituko" dutena eta herritar guztiak gonbidatu ditu bertan parte hartzera. Irailaren 21ean izango da, igandean, eta hitzordua Gabierrotako Auzo Elkartearen lokaletan (Gabierrota pasealekua) egin dute, 12:00etan.
Zinegotziak esan du, jada, alde batera gelditu direla Oiartzun ibaiak bizi izan zituen degradazio eta atentzio falta. Izan ere, bere hitzetan, "deigarria da herria zeharkatzen dituen ibaiaren hiru kilometroen hobekuntza".
Oiartzun ibaiaren eta bere ingurunearen egoera suspertzeko xedearekin Errenteriako Udalak hainbat ekimen jarri ditu martxan azken urteotan. Besteak beste, landarediaren birsonkuntzarako lanak egin dira, baita ibiltarientzako pasabideak, bidegorriak, zubiak... trazatu ere.
Baina egindako lanak nabariak diren arren, asko dago oraindik egiteko: "Ibaira hondakinak ez isuritzeko saiakera berezia egin behar dugu, ibai inguruetan paisaia atseginago bat lortzeko". Oiartzun ibaia aisialdirako zona bilakatzea espero du Ferradasek, "isurketarik gabeko ibaia nahi dugu, ibai osoan zehar ingurumenaren kalitatea ona izanik".
www.herribizia.errenteria.net webgunetik hartua