Aldundiak koordinatuta, udalak izango dira arduradun nagusiak. Plangintza berriLiztorraa hainbat eragilek osatutako lantaldeak erabaki du: habiak begiztatu diren abisua eman nahi denean, lekuko udalera deitu beharko da eta han erabakiko dute kasu bakoitzean nola jokatu

Gipuzkoako Foru Aldundiak protokolo berria jarri du abian lurraldeko udalekin, guztien artean, liztor beltz edo asiarraren aurka lan eraginkorragoa egiteko.

Aldaketa nagusia da, hemendik aurrera, habia bat aurkitzen denean, lekuko udalera egin behar dela deia. Han, dagokion arduradunak erabakiko du egoera bakoitzean komeni den jokabidea.

LiztorKabiaAzken hilabeteetan egindako lanaren ondoren, jadanik, erabakia du udal bakoitzak bere prozedura, arduradun bat izendatua eta lan talde edo kanpo zerbitzua hautatua. Habiaren kokapenaren arabera, metodo egokia aukeratuko da. Bi dira nagusiak:

Aga edo pertikaren bidez, intsektizida habi barruan txertatzea. Metodo hori leku urbano edo ez urbanoetan erabil daiteke. Bizirik gelditzen diren liztorrak pertsonak ziztatzeko arriskurik ez dagoela bermatu behar da. Habia, intsektizida bertan sartu ondoren, ez da kendu beharrik. Suntsitutako habia, eragileek bere kokapenetik kentzea erabakitzen badute -etxe baten sabaian, leihoan edo horrelako lekuetan dagoelako-, jasoko dute eta dagokion moduan desagerraraziko; intsektizidaz kutsatuak daudenez ezin dira hondakin organiko modura tratatu. Ondorio kolateralak saihestuko dira beti. Lan horiek egiteko prestaketa ikastaroak eman dira eta, beti, gutxienez, binakako taldeetan egingo dira, ziurtasun jantziez babestuta.

Habia tirokatuz. Metodo hori azken baliabide modura erabiliko da. Tiratzaile taldeetan udaltzainek parte hartu behar dute beti. Taldekideek arma baimena eduki behar dute nahitaez, aseguratuta egongo dira eta Aldundiaren baimena eduki beharko dute. Gainera, jarduera egiteko segurtasun neurri guztiak hartu behar dira. Taldekideak habiak suntsitzeko oinarrizko heziketa hartzera behartuta daude.

Udalak, herritarren deia jasotzen duenean, aplikazio informatikoan datuak sartu, eta gertakaria kudeatuko du beren baliabide propioen bitartez. Herritarren batek SOS DEIAK-112-ra, Suhiltzaile Parke batera, edo beste erakunde batera deitzen badu, abisua udalari emateko esango zaio. Udalerriko baliabideak nahikoak ez badira, aplikaziotik- bertan sartutako datuen arabera-, mezu bat bidaliko zaie suhiltzaileei (Donostiakoei edo Foru Aldundikoei) edo foru basozainei, hauek arduratzeko.

Suhiltzaileen jarduna mugatua izango da: Larrialdi gisa katalogatutako egoeratan, premia handiz ezabatu behar denean habia edo habiaren edo inguruaren ezaugarri bereziak, babeserako neurri bereziak behar dituztenean.

Basozainak, berriz, gune ez urbanoetara mugatuko dira eta habia suntsitzeko erabiliko duten metodoa tirokatzearena izango da, beste aukera guztiak baztertzen direnean.

Udalak behin eta berriro habia beraren jakinarazpena jaso ez dezan, marka berezia jarriko da habia jakin batean liztorrak hiltzen direnean.

Jardun horiek guztiak, beranduenez, abenduaren 20an amaituko dira, faktore biologikoak, klimatikoak, eta eragileen iritziak aztertu ondoren, Berrikuntzako Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuak bukatutzat ematen duenean habiak suntsitzeko garaia.

Informazio bilketa

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuak, Nekagip web orrian (www.nekagip.net), "Liztor beltza" lotura prestatu du liztor beltzaren habien informazioa jasotzeko. Bertan egingo da habia guztien jarraipena, udal arduradunek zuzeneko sarrera izango baitute. Programa hori izango da tresna nagusia habien suntsitze prozesuaren gestioan parte hartzen duten eragileak koordinatzeko eta une bakoitzeko egoera ezagutzeko.

(Gipuzkoako Foru Aldundiko Prentsa Bulego Digitaletik Hartua)

Urtarrila 2025
A A A O O L I
30 31 1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31 1 2