Pasa den ostiralean, hilak 6, inauguratu zituzten Fanderia eta Agustinetako auzo konpostajea egiteko guneak. Gaztañon ere eraikita dago jada horretarako gunea eta datozen asteotan martxan jarriko dutela esan dute Udaletik. Inaugurazio ekitaldia, Fanderiako gunean egin zuten eta bertan izan ziren hainbat udal ordezkarirekin batera, auzo ezberdinetako bizilagunak ere.
Guztira, hiru auzo hauetako 50 familia izango dira konposta modu komunitarioan egingo duten lehenak eta euren artean 13.700 kilo hondakin organiko inguru biltzea espero dute. Kopuru honi gehitu behar zaizkio, dagoeneko, modu indibidualean, euren etxeetako lorategi eta baratzeetan konposta egiten duten 100 familiek biltzen dituzten 27.400 kiloak.
Udalak eskerrak eman nahi izan zizkien ekimen honetan parte hartuko duten pertsonei, euren borondateagatik, izan ere, eurei esker, gai organikoak modu komunitarioan jasotzeko “udal sistematik kanpo egingo den kudeaketa modua aktibatuko” baita lehendabiziz.
Denera 20.00 euro inbertitu ditu Udalak hiru eremu hauen prestaketarako.