2015eko maiatzaren 6an, Errenteriako Udalak Energia Iraunkorrerako Ekintza-plana (EIEP) onartu zuen, jasota uzteko udalerriak Alkateen Ituna ekimen europarraren baitan hartutako konpromisoak betetzeko jarraitu beharreko bidea, alegia berotegi-efektuko gasen isuriak 2020rako 2007koak baino %20 gutxiago izatea lortzeko.
Planean 80 neurri zehaztu dira, 8 ildo estrategikotan banatuta: eraginkortasun energetikoa, energia berriztagarriak, mugikortasun iraunkorra, biodibertsitatea edo hondakinak, besteak beste. Neurri horiekin, 2020rako % 20´16 gutxituko dira berotegi-gasen isuriak, 2007ko datuak erreferentziatzat hartuta.
Mendi eta Ingurumeneko zinegotzi José Manuel Ferradásek duenez Udalak diru-laguntza eskatu diola Gipuzkoako Foru Aldundiari eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriak lortzeko neurriak gauzatzea helburu duten proiektu hauetarako:
- Beraungo argi publikoak berritzea: 213 kale-argi LED teknologiako argiekin ordezkatuko dira. Proiektuaren aurrekontua 120.676,69 € da eta 2015 urtearen amaieran gauzatuko da. Ekintza horri esker, CO2 isuriak 17.977 tona gutxituko direla kalkulatzen da.
- Udal-euskaltegiko eta HHEko eraikineko galdara energia berriztagarriko (biomasa) galdara batengatik ordezkatzea eta eraikineko energia monitorizatzea. Egun dagoen gasoliozko galdara kendu eta biomasazko galdara bat jarriko da, pelletarekin edo zur-ezpalekin funtzionatzen duena. Aldi berean, eraikineko energia-kontsumoak monitorizatuko dira. Proiektuaren aurrekontua 194.939,91 eurokoa da eta 2016ko udan gauzatuko da. Ekintza honi esker, CO2 isuriak 39.823 tona inguru gutxituko dira.

Bestalde, Errenteriako Tokiko Agenda 21ak inguruneko zarataren aurkako babesak jartzea eta uraren zikloaren kudeaketa hobetzea bezalako ekintzak jasotzen ditu. Horrela, Errenteriako Udalak bi diru-laguntza eskatu dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari Tokiko Agenda 21en lehentasunezko ekintza hauek gauzatzeko:
- Udalak 2005eko zarata-mapa egokituko du egungo araudia betetzeko eta, horrez gain, zarataren inguruko ekintza-plan eta ordenantza berriak prestatuko ditu: lan hauek 2015eko udazkenean hastea eta 9 hilabetean amaitzea aurreikusten da. Agiri estrategiko hauek idazteko ezinbestekoa izango da inguruneko zarata jasaten duten pertsonen eta gizarte-eragileen lankidetza; horretarako, bilerak eta parte-hartze prozesuak jarriko ditu Udalak abian, zarataren eragin handiena jasaten duten auzoetan arreta berezia jarriz. Lanetarako aurrekontua 42.955 eurokoa da.
- Errenterian saneamendu-saretik natura-ingurunera egiten dien isuriak aztertzea: Udalak udalerriko saneamendu- eta drainatze-sarea inbentariatu eta digitalizatuko du. Zeregin horiek bete ondoren, sareak euri-intentsitate desberdinekin nola erantzuten duen ikusteko azterlan teorikoak egingo dituzte. Mareen eragina ere kontuan izango da. Hartara, isurketa-puntuak eta sareko tarte kritikoak zehaztu ahal izango dira. Eskuratutako informazioarekin, Saneamenduko Plan Zuzentzailea idatziko da, sarerako premia gehien duten jarduerak definitu eta natura-ingurunerako isurketa-puntu guztiak desagerrarazteko. Sarea inbentariatzeko lanak abian dira eta Plan Zuzentzailea 2016 urterako idatzita egongo dela aurreikusten da. Lanetarako aurrekontua 79.860 eurokoa da.