Cristobal Gamon ikastetxeko Lehen-hezkuntzako 5. mailako ikasleak Basosoro baserrira bisita egin dute bertan esnea nola ekoizten duten ezagutzeko. 45 ikasle inguruko taldeak adi entzun ditu Jose Miguelen azalpenak.
Eskolako Agenda 21 programaren baitan Elikadura Jasangarria landu dute Errenteriako ikastetxeetan. Hori dela-eta, Cristobal Gamongo ikasleek Xabier Olaskoaga plazan kokatutako makinako esnea nondik datorren bertatik bertara ezagutu nahi izan dute. Errenteriako Basosoro baserriko Jose Miguelekin izan dira ikasleak eta esneak bere baserritik vending makinara iristeko egiten duen bidea erakutsi die: behiek zer jaten duten, nola jezten diren, esnea nola pasteurizatzen den, etab.
2009. urtean jarri zen esne-makina Xabier Olaskoaga plazan eta, ordutik hona, 125.000 litro baino gehiago erosi dituzte errenteriarrek. Udalak bere kontsumora animatzen ditu hiritarrak, batetik udalerrian bertan ekoiztutako esnea delako eta, bestetik, hondakinen sorrera murrizteko neurri egokia delako.