Eusko Jaurlaritzak Txingudiko, Leako eta Urdaibaiko estuarioetan txilka landare inbaditzailea desagerrarazteko egindako lanak bost «Best of the Best» jardunbide egokien artean hautatu du Europako Batzordeak.
Hala, ekainaren 4an, Bruselan egingo duten ekitaldian, Ana Oregi sailburuak «LIFE Nature/Information Projects Awards 2015» saria jasoko du. Gainera, Europako Batzordeak herritarrek saritutako ekimenak bozkatzeko prozesua abiarazi du Internetez. Ingurumeneko sailburuorde Josean Galerak Euskadiko estuarioetan burutako lanen berri duten herritarrak Europako Batzordearen webgunean sartzera eta Euskadiko proiektuari babesa ematera animatu ditu.
«Oraingoz, Euskadik "Best of the Best" sari ofiziala lortu du, baina interesgarria izango litzateke halako lurralde txiki batek Batasuneko beste nazio batzuen artean nabarmentzea, estuarioak zaintzen dituelako. Horrek, gainera, erakusten du Euskadiko herritarrek eta erakundeek oso lan ona egiten dutela ingurumenaren arloan», azaldu du Josean Galera sailburuordeak. Proiektuari buruzko informazio gehiagorako, sartu www.ingurumena.eus atarian.
![]() |
![]() |
Baccharis halimifolia edo txilka |
Europako Batzordeko saritu dituen beste ekimenak hurrengo hauek dira: eguzki-arranoaren eta sakre belatzaren kontserbazioa Bulgariako Red Natura 2000 guneetan, Orsini sugegorriaren kontserbazioa Hungariako Karpatoetan, Errumaniako Ekialdeko Karpatoetan hartzak kontserbatzeko jardunbide egokiak, eta Greziako itsasoko ugaztunak babesteko, haien inguruan hezteko eta haiei buruzko ezagutza jendarteratzeko Thalassa kanpaina.