Urteroko Foru Agindu honen bitartez 2015eko denboraldiko arrantzaldiak zehazten dira, helburu nagusi bi lortu asmoz: batetik, arrantza-aprobetxamenduko espezieen populazioak babestu eta hobetzea; eta, bestetik, Gipuzkoako Lurralde Historikoan behar bezain babesturik ez dauden edo urriak diren espezieen arrantza debekatzea.
Errenteriaren kasuan, Oiartzun eta Urumea ibaiei eragiten die araudi honek. Honela, aurtengo denboraldian, ibai eta urtegiko salmonidoak (izokinak eta amuarrainak) harrapatzeko arrantzaldia, adibidez, apirilaren 5etik uztailaren 31ra zabaldu da (biak barne), baina hil gabeko arrantza egiteko tarteetan, epe hori irailaren 30era arte luzatuko da. Ziprinidoen kasuan (gobioa, ezkailua, mendi barboa, etab.), aldiz, urte osoan arrantzatu ahal izango dira, horretarako izendatutako tarteetan.
Ibaietako habitat guztietan, ordea, ezin da arratza egin: Oiartzun ibaiaren kasuan, esaterako, debekatua dago Arditurri errekatik 500 metro errekan gorako tartean arrantzatzea; eta Urumea ibaiaren kasuan, berriz, Ereñozuko zentraletik (Hernani) zentralaren presaraino, biak Errenteriako Udaletxearen jabetzakoak.
Bestetik, hil gabeko arrantza egiteko tarte bat ere izendatzen du Foru Arauak Oiartzun ibaiarentzako: Oiartzun ibaian Ugaldetxo auzotik Iztieta-Altzateko ibai-ahoraino. Edozein kasutan, Gipuzkoako ibai-ibilguetan Seinaledun karramarroa harrapatzea debekatuta dago.