AARBE7Donostiako eta Errenteriako udalek bideo bat egin dute Añarbeko baso erreserba ezagutarazteko. Bideoa gaurtik aurrera ikus daiteke, bi udalen webguneetan nahiz gizarte sareetan. Axier Jaka eta Jose Manuel Ferradas Ingurumeneko zinegotziek adierazi dutenez, bideoaren bidez ezagutzera eman nahi dute lurraldearen ekialdeko basa bizitzaren kontserbaziorako den 1.000 hektareako kokaleku hori.

"Azkeneko bi urtetan basoa ezagutzera emateko martxan jarritako kanpainan txertatzen da bideoa, orain arte bisita gidatuak, eta pitxerren eta mantelen banaketa egin da, eta bideoa ekimen honen azken ekintza da". 

Zinegotzien hitzetan, basorik handienetako bat da: "Añarbeko basoak Aiako Harria parke natural eta kontserbazio bereziko eremuaren barruan daude. Aiako Harria 2004an sartu zuen Europako Batzordeak Natura 2000 Sarean, eremu babestuak kontserbatzeko munduko sarerik handienean; eta, hain zuzen, sare horrexen inguruan antolatzen du Europar Batasunak natura kudeatzeko bere politika. Eremu horren kontserbazioa eta hango biodibertsitate izugarria ziurtatzeko, erreserba eremu izendatuko dute Añarbe. Halaxe dio Aiako Harriko Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketarako Plan Gidariak berak".

{youtube}P-FRsZCirv8{/youtube}

Parkea 1.028 hektarea herri-basok osatzen dute, eta antzina-antzinatik da Donostiako Udalarena (118 ha) eta Errenteriako Udalarena (910 ha). Horregatik, udal horiek bideratu dute Añarbe erreserba eremu izendatzeko prozesua. Bestalde, eremu hori funtsezkoa da Añarbeko urtegia drainatzen duen ura erregulatzeko. Urtegi horrek gipuzkoarren erdiei ematen die edateko ura, sedimentuak atxikitzen ditu eta bere arro hidrologikoaren zorua babesten du; gainera, tokiko klima egonkortzen laguntzen du, bertako zoruetan eta basoetan CO2 atmosferikoa finkatuz.

Pagadi zabalez gain, Gipuzkoako eta Bizkaiko hariztirik handiena dago bertan; gainera, hango landare eta animalia basatiak balio handikoak dira, eta, populazioek bizirik iraungo badute, eremu babestu handiak behar dituzte. Hala, kontserbaziorako interes handikoak diren basoko zenbait arrain, hegazti eta ugaztunek Añarben dute beren habitata: basakatuak, lepahoriak, okil beltzak, izokin arruntak...; otsoa eta hartz arrea falta dira, ordea, besteak beste. Gainera, habia parke naturaletik gertu egiten duten zenbait hegazti sarraskijalek, hala nola sai arreak eta sari zuriak, huraxe dute bizi-eremua.

Hain garrantzi biologiko handia izanda, Europar Batasunak ekintza eta funts ekonomiko ugari bideratu ditu Añarbeko basoetara, besteak beste, LIFE-Natura eta Reverse proiektuak garatzeko. Gainera, katalogo guztietan aitortzen diote duen balioa: Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen inbentarioa, Naturagune Babestuen Sarea, Euskal Autonomi Elkarteko Garrantzizko Espazio Naturalen Katalogo Irekia, Natura 2000 sarea, Hezeguneen Lurralde Plan Sektoriala, Ibaien Lurralde Plan Sektoriala...

Azkenik, Euskal Herriko eremu atlantikoko korridore ekologikoan dauden baso hostoerorkor heldu eta konplexuen arteko bat da Añarbe, denak ere estrategikoak eskualdeko biodibertsitatea kontserbatzeko: Endara, Xoldokogaina, Oieleku, Artikutza, Malerreka, Basaburua, Ultzama-Belate, Bertiz, Baztan, Kintoa eta Irati.

Otsaila 2025
A A A O O L I
27 28 29 30 31 1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 1 2