Auzokonpostako udal-ekimena arrakasta handia izaten ari da Errenteriako auzo ezberdinetan. Dagoeneko 5 gune daude herrian zehar sakabanatuta: Fanderia auzoan, Agustinak auzoan, bi gune Gaztañon, eta Alaberga auzoan ezarri da azkeneko gunea.
Gune bakoitzean parte hartzen duten familia guztiek doako formazio saio bat jaso dute. Formazio hauetara gehitu diren azkenak Gaztaino auzoko bizilagunak (2015eko martxoaren 10eko saioa) eta Alaberga auzoko bizilagunak (martxoaren 17ko saioa) izan dira.
Formazio saio hauetan, auzo elkarte bakoitzaren egoitzan, konpostatzearen nondik norakoak azaltzen dira euskarri informatiko baten laguntzaz. Horretaz gain, bilera hauetan taldeak egiten dira, 5 familia izendatzen dira konpostagailu pare bakoitzeko eta, talde bakoitzean, arduradun bat izendatzen da. Arduradun honek Udalarekin eta konpostagailuen jarraipena egiten duen enpresarekin komunikazio zuzena ere mantentzen du edozein arazo, zalantza, material gabezia, ... dagoenean.
Dagoeneko 70 bat familia ari dira konpostatzen eta zenbakiak gorantz egingo du gune berri gehiago zehazten diren heinean.