Errenteriako Udalak 40.000 euro bideratuko ditu Oiartzun ibaiaren inguruko paisaiaren gaineko ekintza-planera
Proiektu hau Errenteria 2025 Plan Estrategikotik sortutako ingurumen- eta hirigintza-proposamenen artean dago. 2014an argitaratutako diru-laguntzen deialdiaren ondoren aurkeztu zen arren, %90eko finantzazioa eskuratu zuen Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailetik.
Proiektuaren xedea ibaiaren eta estuarioaren ingurunerako jarduera-programa bat definitzea da, Errenteriako ibilbide osoan (Arangurenetik -Oiartzungo muga- badiaraino eta porturaino, bi eremuak barne), paisaia hori babestu, ingurumenaren eta hirigintzaren ikuspegitik lehengoratu eta balioan jartzearren, industriako eta bizilekuko hirigintza-esparrua, portua eta estuarioa, habitat naturalak eta flora- eta fauna-espezie basatiak, uraren kalitatea, landako espazioak eta parke urbanoak lotzen dituen elementu gisa. Edukiari dagokionez, diagnostiko bat egingo da baliabideak eta paisaiako gatazkak identifikatzeko, paisaia-unitateak mugatzeko (eragin positibo eta negatiboko puntuekin), paisaia-kalitateko helburuak zehazteko eta jarduera-programa gauzatzeko.
Metodologiari dagokionez, horrelako proiektuetan erabili ohi denaz gain, gizarte-partaidetzarako tresna ugari baliatuko dira, adibidez, elkarrizketak egingo dira gizarte-eragileekin -besteak beste, auzo-elkarteak eta ibaiko espazioen erabiltzaileak-, eragile ekonomiko eta instituzionalekin eta paisaia-lantegiak eta argazki-erakusketak antolatuko dira herritarren parte-hartzea sustatzeko.