Apirilaren 13ra arte Abiadura Handiko Trenak Oarsoaldean duen ibilbidea jendaurreko epean egongo da: Astigarraga-Oiartzun-Lezo zatia.
José Manuel Ferradás Mendi eta Ingurumena Departamentuaren zinegotziak jakinarazi du Sustapen Ministerioaren Trenbideen Zuzendaritza Orokorraren bitartez eta apirilaren 13 arte Euskal Herriko trenbide sare berriaren informazio-azterlan osagarria: Astigarraga-Oiartzun-Lezo zatia izeneko agiria jendaurreko epean jarriko dela.
Zinegotziak aipatu duenez, azpiegitura honek inebertsio handiak behar ditu, gizarte erabilera eskasa du eta atzeraezinak izan litezkeen ingurumen eraginak sor litzake. AHT sustatzearen aurrean, gizarte izaera duen tren eredua dago, ingurumenaren aldetik jasangarria eta ekonomikoki iraunkorra, txikiziorik eragin gabe lurraldea egituratu dezakeena.
2015eko otsailaren 20an, Trenbideen Zuzendaritza Orokorrak behin-behinean onartu zuen "Euskal Herriko trenbide sare berriaren informazio-azterlan osagarria: Astigarraga-Oiartzun-Lezo zatia". Azterlanaren behin-behineko onarpenari jarraiki, eta Trenbideen Sektorean indarrean dagoen araudiaren eta ingurumen alorreko legediaren arabera, aipatu azterlana 30 laneguneko epean jarri da jendaurrean, iragarki hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo egunetik kontatzen hasita, administrazio publikoek, gizarte eragileek eta ekologistek eta interesa duen pertsona orok azter dezaten. Ondoren, oharrak egiteko aukera izango dute ibilbide osoaren inguruan, ibilbideak interes orokorrari eragiten dion neurrian, baita Errenterian eta Oarsoaldean izan lezakeen ingurumen eraginaren inguruan ere (lurraldea, bioaniztasuna, mugikortasuna, landa garapena, energia,...).
Halaber, jendaurreko epeak ingurumen eraginetarako ondorioak ditu, jarduketa hau Ingurumen Eraginaren gaineko Ebaluazioaren prozedurapean baitago, eta behin jendaurreko epea amaitzen denean, azterlana Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministeriora bidaliko da, aurkeztutako alegazioen analisiarekin batera, Ingurumen Eraginaren gaineko Deklarazioa egin dezaten.
Azterlana lanegunetan eta bulego orduetan dago jendaurrean jarrita Donostia, Astigarraga, Errenteria, Oiartzun, Lezo eta Irungo udaletxeetan. Horretaz gain, Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen Azpiordezkaritzan (Pio XII plaza, 6, Donostia) ere badago. Alegaziorik aurkeztu nahi izanez gero, Planifikazioaren eta Proiektuen Azpizuzendaritza Orokorrari bideratuko zaizkio, Sagrados Corazones plaza, 7, 28071 Madrilera, erreferentzia gisa "Jendaurreko epea. Astigarraga-Oiartzun-Lezo azterlana" jarrita.