Gabon garaian etxeetako kontsumoak gorantz egiten du: energia, elikagaiak, edariak, ... Horrekin batera, noski, hondakinen sorrera ere izugarri areagotzen da.
Olentzero-egunaren eta Errege-egunaren ondoren, bereziki, gure etxeetako hondakinak gaikako bilketarako edukiontzien inguruan ere aurkitzen ditugu.
Errenteriako Udalak, hondakinen arloan arduratsu izatea eskatzen dio hiritar orori, bereziki egun hauetan. Guztion artean, hondakin gutxiago sortzen badugu eta sortzen duguna gaika bereizi eta birziklatzeko edukiontzietara edo garbigunera (Talaia poligonoa, Oiartzun) eramanez gero, hiria garbiagoa aurkituko dugu eta, ingurumena ere, zaintzen lagunduko dugu.
Hondakinak gaika biltzeko hirian kokatuta dauden edukiontziak eguneko edozein ordutan erabili badaitezke ere, gogoratu hondakinak nahasian jasotzen dituen edukiontzi berdea (gaikako bilketarako edukiontzietan utzi edo garbigunera eraman ezin ditugun hondakinak biltzekoa) erabiltzeko ordutegia 20:00 - 22:00 bitartekoa dela.