LogoaEKOLAPIKO proiektuaren helburua Gipuzkoako haurtzaindegietan eta bai Lehen bai Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan menu ekologikoak, osasuntsuak eta orekatuak ezartzen joatea da, elikagai ekologikoak erabiliz haurren elikadura ahalik eta osasungarriena bilatuz.

Hala ere, proiektu osoa eta diziplina anitzekoa izanik, helburu nagusi hori bigarren mailako beste xedeen bitartez lortzen da, kontsumoaren kulturaren aldaketarekin, lurraldearen antolamenduarekin eta nekazaritzaren zein abeltzaintzaren landa-garapenarekin.

Xede horiek guztiak egitasmoan parte hartzen duten ikasleen elikagai-osasunaren eta ingurumenaren hobekuntzarekin erlazionatuta daude, jasangarritasuna bere esparru guztietan bilatuz.

EKOLAPIKO proiektua Biolur Gipuzkoa, Cristina Enea Fundazioa, Kutxa Ekogunea, ENEEK eta Gipuzkoako Landa-Garapeneko Elkarteek sustatzen dute. BIOLUR Gipuzkoa elkartea, nekazari, abeltzain, ekoizle eta kontsumitzaileek zuzendu eta kudeatutako irabazi-asmorik gabeko erakundea da, zeinak kontsumo ekologikoa, solidarioa eta arduratsua bultzatu eta ezagutzera ematea helburu duen.

Izan ere, Landa-Garapena eta elikadura-burujabetzari, hezkuntzari, osasunari eta Ingurumenari lotutako ekimena da hau. Orain arte Gipuzkoan zortzi haurreskola eta hezkuntza-zentro abiatuta daude proiektuan, egunero 800 menu eginez. Hauek guztiak janari ekologikoz hornitzeko Gipuzkoako 12 ekoizleekin harreman zuzena dago, eta gure herrialdean ekoizten ez dena Nafarroako zenbait ekoizleri erosten zaie.

Zer da Ekolapiko?

2010. urtean Errenteriako Udalak, Behemendi Donostialdea-Beterriko Landa-Garapeneko Elkartearekin batera, Uztargi udal-haurreskolan bertako jantokiko haurren menuen osaketaren diagnostikoa burutu zuen. Azterketa honen helburua oinarri ekologikodun janari bateranzko trantsizioa gauzatzeko ezagupena izatea zen. Ondoren, 2010-2011 ikasturtean, urria eta azaroaren artean, lehen froga egin zen haurren menuetan jatorri ekologikoko janariak barneratuz (Manttangorri kooperatibakoak). Lortutako emaitzak oso baikorrak izan ziren. Ezagupenean irabazita, Udalak jatorri ekologikoko jakiak sartzen jarraitzea erabaki zuen, nahiz eta ofizialki Ekolapiko proiektuko kidea ez izan. Horrela, 2013ko azaroaren 12an Errenteriako Udalak Ekolapiko Proiektuan murgilduko zela jakinarazi zuen.

Uztargi Haurreskolak bere sukaldari propioa du, egunean 50 bat menu prestatzen dituena. Gaur egun janariaren %80ak jatorri ekologikoa du, bereziki barazkiak, frutak eta ogia.

Ekolapiko proiektuaren hitzarmenari buruzko proposamenaren testuan bai haurreskola bai antolatzaileen arduren banaketa egiten da. Aipatzekoak dira Uztargi Haurreskolarenak eta Udalarenak:

1.- Familiei menu ekologikoak eskaintzea eta, urtez urte, haien portzentajea handitzea
2.- Sentsibilizazio-ekintzak zabaltzea
3.- Ekolapiko egitasmoaren logoa agerian ipintzea
4.- Sukalde eta jantoki jasangarri baten aldeko urratsak ematea

Aldiz, Ekolapiko proiektuak familiei eta Udalari doako sentsibilizazio-jarduerak eskaintzen dizkie, besteak beste: baserri ekoizleetara bisitak edo elikadura ekologikoaren inguruko hitzaldiak.

Otsaila 2025
A A A O O L I
27 28 29 30 31 1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 1 2