Gaur emandako prentsaurrekoan Errenteriako Udalak, materia organikoaren bilketarako 5. edukiontzia 2015. urtearen hasierarako ezarriko duela iragarri du. "Gobernu talde honek hasieratik hartu zuen gure ingurunean hondakinen kudeaketa optimizatzearen aldeko konpromisoa".
"Argi genuen, eta orain ere gauza bera pentsatzen dugu, Errenterian "zaborra"ren kulturatik hondakinaren kulturara pasa behar dugula, horretarako ohiturak, jarrerak, jardunbideak eta abar aldatuta. Adierazitako konpromisoari eutsiz, aurrera egiten ari gara, pausoz pauso". Neurri honekin "hiritarrei bermatzen zaie birziklatze-puntuetan materia guztiak bereizita utzi ahal izango dituztela: papera, beira, plastikoa, materia organikoa eta errefusa".
Pauso honekin, konpostaje komunitarioko puntuak edo norberak konpostatzea alde batera utzi gabe, zabortegira hondakin gutxiago eramatea du helburu Udal-Gobernuak. Gogoratu behar da gaur egun eguneroko hondakinen % 68,6 eramaten dela zabortegira. "Ezin dugu alde batera utzi edukiontzi "berdea"n (errefusa) uzten diren zabor-poltsen edukiaren % 72 janari-hondarrak (% 40) edo beste edukiontzietan birzikla daitezkeen materialak direla (% 32). Errenterian bizi garen guztion artean egoera hau alderantzikatu behar dugu. Gure esku dago eta ondo egin behar dugu". Helburu horrekin, Udalak 5. edukiontzia sustatzen nahi du, zeina norberak bere borondatez erabilgarri izango duen eta txip bidez zabalduko den.
Udalaren aburuz, materia organikoa jasotzeko 5. edukiontzia (kolore marroia duena) jartzea, beste urrats bat gehiago da, egungo egoera nabarmen hobetzen ari dela frogatzeko portzentajeak lortzeko bidean (gaur egun hondakinen % 31,4 soilik birziklatzen da). Helburua 2015ean % 50 birziklatzea eta 2016rako, berriz, % 60. Ehuneko horiei ezin zaie uko egin eta gobernu honek hori lortzeko bitartekoak jarri eta sustatuko ditu.
Nola ezarriko da materia organiko biltzeko edukiontzi marroia?
Astelehenean argitaratuko da 2200 litroko 135 edukiontziren kontratazioa. Edukiontzi horiek faseka jarriko dira, hilabete inguruko epean, eremu hauetan:
Hondakin hauek astean hiru egunetan jasoko dira: astelehen, asteazken eta ostiraletan.
Edukiontzia jarri aurretik informazio-kanpaina bat egingo da, herritarrak 5. edukiontzia beren borondatez erabiltzera animatu asmoz. Horretarako, materia organikoaren edukiontzia behar bezala erabiltzeko, behar duten guztia eskainiko zaie. Hasiera batean, kanpaina horri buruzko informazio-gune finko bat jarriko da (lekua zehazteke dago), baina auzo bakoitzean 5. edukiontzia jartzen denean ere hauetan informazio-puntu bat, interesdunek edukiontzi horri buruzko informazio guztia jaso dezaten.
"Aurrerantz goaz, ziur baikaude pauso honek abantailak eta hobekuntzak dakarzkiola Errenteriari, gizartearen, ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik". Udalak konpromio hori hartzea sustatuko duela iragarri du, aipatutako birziklatze-tasak lortzearren. Izan ere, "Hondakinak kudeatzeko eta jatorrian bereizteko konpromiso hori gabe ezin dira aipatutako tasak lortu eta beste bide batzuk aztertu beharko lirateke Europa mailan 2008/98/EE Zuzentarauak eta Estatuan, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 22/2011 Legeak ezarritako helburuak lortzeko".