Oiartzun ibaiaren ibilguan eta Tolarieta, Masti, Lintzirin eta Epentza erreken bazterretan, bost eguneko garbiketa kanpaina egin du brigada batek 2024ko abenduan, Errenteriako Udalaren eta Behemendi Landa Garapenerako Elkartearekin lankidetzan, eta 1.200 kilo hondakin inguru bildu dira, horietatik plastikoa ugari azalduz. Horrela, 2016an abiaturiko ekimen publikoari jarraipena eman zaio, eta ingurunea garbi mantentzeaz gain, elementu kutsagarriak kendu dira bertatik.
Oiartzun Ibaiari dagokionez, Oiartzun udalerriaren muga eta Santa Klara plazaren arteko zatia garbitu da, Lintziringo erretena Lartzabalgo auzotik hasita Oiartzungo mugaraino hartzen duen zatia barne, Fanderiako kanala ahaztu gabe.
Landa eremuan Tolarieta, Masti eta Epentza ibilguak ere garbitu dira. Honakoak dira garbitutako zatiak: lehenik, Tolarieta baserritik Masti-Loidi industrialdea bitarte; bigarrenik, Loidi baserritik Pontika auzora, eta azkenik, Perurenatik Txikierdira. Ibaien ezpondak edo ertzak garbitzeaz gain, inguru hauetako espaloi eta erreka ondoko eremuak ere garbitu dira.
Garbiketa kanpaina honek hondakinen kudeaketak duen garrantziaz eta herritarrek ibaiekin duten ardura kolektibo nahiz indibidualaz sentsibilizatzea du helburu. Hondakinak jatorrian murriztu eta birziklatzeko egoki bereizten ez badira, ibaietan agertuko dira, hauek kaltetuz eta kutsatuz, eta, azkenik, hondakinak Kantauri itsasoraino ere iristen jarraituko dute.