Datorren ostegunean, urtarrilaren 16an, 18:30ean, Reina aretoan (Xenpelar kalea, 3) Errenteriako Udalak zarata-mapa eguneratzearen emaitzak jakinaraziko dizkie herritarrei, udalerriko egoera akustikoa ezagutzeko.
Estatu mailan 2007 urteaz geroztik, eta Euskal Autonomia Erkidegoan 2013 urteaz geroztik, indarrean da zarata-mapak egin eta kalitate akustikoa erregulatzeko legedia.
Errenteriako Udalak 2017. urtean zarata-mapa eguneratu zuen, udalerriko egoera akustikoa ezagutzeko eta udalerriko kalitate akustikoa hobetzeko behar diren neurriak hartzeko, bai eta informazio hori plangintzako tresnetan eta eragin dezakeen edozein udal-eremutan txertatzeko ere. Halaber, 2017an Zarataren aurkako Ekintza Plana garatu zen eta 2018ko ekainean behin betiko onartu zen.
Errenteriako Udalak lizitazioa izapidetu du Errenteriako zarata-mapa eguneratzeko, bai eta udalerriaren kalitate akustikoa ebaluatzeko adierazleak zehazteko eta zarataren kudeaketa erraztu eta akustika hobetzeko ekintza-planaren estrategia definitzeko.
Deskribatutako lanak egiteko kontratatutako enpresak dagoeneko zarata-maparen azterlana egin du, eta udalerriko hobekuntza akustikoaren ekintza-plana egiten hasi aurretik, zarata-mapa eguneratzearen emaitza herritarrei jakinaraziko die.
Informazioa zuzenean jaso nahi duen herritar orori irekitako bilera izango da. Bilera honetan, herritarren kezkak eta arazoak jaso nahi dira eta ekarpen horiekin osatuko da zarata-mapa eguneratua, eta bere onarpenaren tramitazioari ekingo zaio.
Bilera hau kutsadura akustikoarekin sentsibilizatutako pertsona guztien artean udalerriko hobekuntza akustikorako ekintza-plana egiteko estrategia zehaztu ahal izateko baliagarria izatea espero da, eta horretarako, Udalak herritarrei parte-hartzeko gonbita egiten die.