Errenteriako Udaleko Ingurumena eta Mendiak Departamentuak deitoratzen ditu irailean, Molinao kaian (Kaputxinoak auzoaren aldamenean), badiaren eremu horretan porturatutako ontzien zamalanak burutzerakoan gertatutako zenbait egoera.
Ingurumeneko zinegotzi José Manuel Ferradásen iritziz, aitortu behar da Portuko Agintaritzak borondatea eta lanerako jarrera ona izan dituela aspaldian, eta hainbatetan etorri dela Pasaiako Badiako ingurumena hobetzeko lan-ildoak sustatzeko sortutako erakunde arteko batzordera; batzorde horretan hainbat erakundek hartzen dute parte: toki-administrazioak, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Portuko Agintaritza.
Baina alderdi hori aitortu arren, "atzerapausotzat" jo behar ditugu -zinegotziaren iritziz- aipatutako egoerak, bereziki joan den irailaren 25ekoa, horrek bultzatu baitu Udala Eusko Jaurlaritzan salaketa-intzidentzia bat aktibatzera.
Deskargaren arduraduna portuan lan egiten duen enpresa bat izan arren, gure ustez Portuko Agintaritzak burutu beharko luke prebentzio-lana, eta, beharrezkoa izanez gero, beste neurri batzuk hartu behar lituzke guk gainditutzat genituen garaietara itzultzen gaituzten egoerak saihesteko. Portuko jarduera geroz eta berreskuratuagoa egon arren, ez da atzera egin behar ingurumen-neurrietan; neurri horiek eremuan eragin txikiagoa izatea eta portuko jarduera eta hiri-ingurunea hobe uztartzea dute helburu, eremu horretako bizilagunen osasuna inola ere alde batera utzi gabe.