Entsalada ontzea, aldizkari bat erostea, pintxo-potera joatea, bonbillaz aldatzea, arrautza bat frijitzea, ordenagailua berritzea, ... Ohiko ditugun jarduerak dira. Lehen begiratuan jarduerak horiek guztiak ezberdinak badira ere, badute euren artean antzekotasun bat: gauzatu ondoren hondakinak ematen dituzte.
Gustuko izan ala ez, gure egungo kontsumo ohituren ondorioz, hondakinak benetako arazo bihurtu dira azken urteotan: egunkarietako azalak hartzen ditu, kalean eztabaida pizten du, ...
Egoera honen aurrean, Europar Batasunak hondakinen kudeaketarako hierarkia ezarri zuen 2008/98/CE Europar Zuzentarauaren bitartez, ondoren 22/2011 Legearen bitartez garatu zena (hondakinei eta lurzoru poluituei dagokiena):
1.- Hondakinen prebentzioa eta murrizketa
2.- Berrerabilpenerako prestatzea
3.- Birziklapena
4.- Bestelako balioztatzea (adibidez, energetikoa)
5.- Ezabatzea (zabortegiak)
Honenbestez, jatorrian hondakinak murriztea eta prebenitzea aukerarik egokiena litzateke, behintzat, hondakinen sorrera murriztu edo geldotzeko.
Europako adierazpenak ikusirik, Errenteriako Udalak politika iraunkorragoak eta jatorrian hondakinak murriztea ahalbidetuko luketen irizpideen aldeko hautua egin zuen. Horren ondorio dira azken urteotan burututako ekimenak: harategi eta arrandegietan erosteko tupperren banaketa; autokonpostaiaren sustapena; Alaberga, Agustinak, Fanderia eta Gaztaino auzoetan auzo-konpostaia abiatzea, etb.
Ekimen horiek guztiak positiboak izan badira ere, Udala datozen urteei begira eman beharreko urrats eta lan-ildoak finkatzeko beharra antzeman zuen. Horretarako, Errenteriako Hiri-hondakin Solidoen Prebentziorako Plana osatzeko erabakia hartu zuen.
Une honetan Udalak plana osatzeko diagnosia idatzi du, zeinak, besteak beste, egungo araudia eta Errenterian sortutako Hiri-hondakinen karakterizazioa barneratzen dituen. Aipatzekoa da, karakterizazio honen barne, edukiontzi berdean bota ohi dugun zabor poltsaren laginketa eta analisia egin dela hiriko auzo guztietan, eta emaitzak larritzeko modukoak dira: edukiontzi berdera botatzen ditugun, eta ondorioz, zabortegira bideratzen diren hondakinen %95a gaika bildu eta birziklatzera bideratu daitezkeen hondakinak dira. Poltsaren %40 inguru materia organiko konpostagarria da, gaika bilduz gero, etxe-hondakinak jatorrian %40an murrizteko aukera emango lukeena.
Lortutako datuetan oinarrituz, Prebentzio-planaren behin behineko dokumentua osatu da, hain zuzen ere, Udalak hiriko eragile eta hiritarren ekarpenekin osatu nahi duena. Horretarako, parte-hartze prozesu bat abiatuko du Udalak. Bai diagnosia, bai Prebentzio-planaren behin behineko txostena Udaleko www.errenteriaingurumena.net webgunean zintzilikatuta daude, parte hartzeko galdetegiarekin batera. Honetaz gain, euren ekarpenak egiteko ohiko bideak erabili nahi dituztenek, eposta bidez bidali ahal dizkiote aholkularitza enpresari (elkarrekin21@gmail.com) edo idatziz udaletxean entregatu. Ekarpenak egiteko epea irailaren 30era arte luzatuko da.
Aipatu beharra dago, honetaz gain, Prebentzio-planaren osaketak Errenteriako Ingurumen Aholku Kontseiluaren (IAK) Hondakin-taldearen partaidetza duela eta, aurki, hiriko Auzo Elkarteekin prozesu paraleloa abiatuko dugula.
Berrerabilpena eta gaikako bilketa baztertu gabe, hiritarrek eta bertako eragile ezberdinek egindako ekarpenei esker, Errenteria hondakinen murrizketa erdiesteko prebentzioaren aldeko apustua egin duten udalerrien artean kokatu nahi du Errenteria, modu honetan, hondakinek sortutako eragin kaltegarriak ere gutxituz (klima-aldaketa, lurzoruen kutsadura, gastu ekonomikoaren areagotzea, etab.).
Informazio gehiago www.errenteriaingurumena.net eta 943 492 215 telefono zenbakian.