Atlantikaldiaren-aurkezpena

Errenteriako Udalak Atlantikaldia Jaialdiaren lehenengo edizioa aurkeztu du gaur goizean. Irailaren 18tik 21era ospatuko da, eta udalerria Atlantikoko herrien musika eta kultura topagunea bihurtuko da. Julen Mendoza alkateak aditzera eman duenez, jaialdiaren xedea Errenteriak itsasoarekin izan zuen lotura berreskuratzea da. Jaialdia Udalak antolatzen du herriko eragileekin elkarlanean. Azken horien izenean, aurkezpen ekitaldian herriko eragileak izan dira, besteak beste, Oarso Musikako Jon Miner, Albaolako Sebas Boulnois edo-eta Artiolako Jone Idiazabal.

Errenteriak Atlantiko itsasoarekin izan zuen lotura berreskuratu nahiak bultzatu du jaialdiaren antolaketa, horrela azaldu du Julen Mendoza alkateak. "Herri baten identitatea eraikitzeko oroimen historikoa beharrezkoa da, eta saiakera hori egitea interesgarria iruditu zaigu. Baina kontuz, hau ez dugu egiten iraganaren berreskuratze nostalgiko baten ariketa gisa. Etorkizuna eraikitzeko beharrezkoa den ariketa dela ulertzen dugu, ezinezkoa baita etorkizuna eraikitzea galdua den identitate kolektibo batetik".

Izan ere, 1590-1730 urte bitartean Errenteria Euskal Herriko ontzigintza gune garrantzitsuenetarikoa izan zen. Neurri handi batean, itsasoari lotuta garatu zen Errenteria. Itsas merkataritzan erreferentea zen, eta udalerriaren ekonomian pisu handia zuen, portura iritsi eta ateratzen ziren salgaien inguruko kobrantzak egiten baitziren.

Errenteriako alde zaharra historia horren lekuko da. Badira armarriak itsasoko jarduerarekin lotura mantentzen dutenak. Hain zuzen, sinbolo horietako bat Beheko kaleko ateburua da, ontzi zahar baten irudia duena eta jaialdiaren logotipoa izango dena.

Oiartzun ibaia izango da jaialdiaren ardatza, eta bere inguruan antolatu dituzte ekimen guztiak. Alkateak aurreratu duenez, Atlantikaldiko jardunak sei gunetan banatuko dira, herrian zehar banatuta. Gune horietan izango dira kontzertu nagusiak artisau-azoka artisautza erakusketak eta erakustaldiak, musika emanaldiak eta haurrentzako artisau-lantegiak.

Musika emanaldiak
Egitaraua guztiz itxita ez dagoen arren, musikak pisu handia izango duela iragarri dute aurkezpen prentsaurrekoan. Eta irailaren 18tik 21era Errenterian izango diren talde batzuen berri eman du OarsoMusika elkarteko Jon Minerrek. Carla Pires portugaldarra, fadoaren ahotsa; Bidaia, Mixel Ducau eta Caroline Phillips bikotearen taldea; De Temps Antan, Quebec-eko hirukoa; The Bonny Men, Irlandako folklore tradizionala ekarriko dutenak; Hamdacha de Fes eta DJ Clikc-en mestizaia, Maroko eta Frantziatik, edo Valladolideko Celtas Cortos. Nazioarteko talde hauekin batera bailarako taldeek ere presentzia izango dutela adierazi du Minerrek.

Emanaldi guzti horiek doan izango dira, Atlantikaldiaren baitan antolatzen diren gainontzeko ekitaldi guztiak bezala. "Badakit jaialdia urrun geratzen dela, baina kulturak herrien nortasunari nolabaiteko nortasuna ematen diola sinisten duten guztiei irailaren 18tik 21era Errenterian zita bat daukatela gogorarazi nahi diet. Errenteriako ateak zabalik izango ditugu inguruko herrietatik, Euskal Herritik, Espainiar estatutik edo-eta atzerritik etortzen diren guztientzat", egin du gonbita Julen Mendoza alkateak.

Hori esanda, herritarrak izan ditu gogoan. Batetik, Udalarekin elkarlanean jaialdia antolatzen ari diren eragile sozialak egiten ari diren lanaren aitortza egin du. "Eskerrak eman nahi dizkiet, euren inplikazio eta jarreragatik. Konbentzituta gaude halako egitasmoak elkarlanean eta modu koordinatu batean egiten direnean emaitza hobeak lortzen direla".

Zentzu berean, herriko eragileen parte-hartzea beharrezkoa dela nabarmendu du "Atlantikaldia nortasunez janzteko. Herritarrak izango dira jaialdia indartuko dutenak, eta jaialdiaren etorkizuna bermatuko dutenak. Herritarrek emango diote bihotza jaialdiari".

Amaitzeko, Atlantikaldiaren etorkizunaz mintzatu da. "Gure asmoa etorkizunean jaialdia indartzea da, txikitik handirako urratsa ematea. Iraila-urria aldera, jaialdia amaitzean, balorazioa egingo dugu, eta hausnarketa horretan etorkizuneko bide orria zehaztuko dugu, baina oso argi daukagu inertziaz ez dugula jarraituko. Hala ere, lehenengo erronka aurtengoa ahalik eta ondoen antolatzea izango da".

Herribiziatik hartua

Otsaila 2025
A A A O O L I
27 28 29 30 31 1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 1 2