Irailaren 12an, larunbata, Errenteriako Nekazaritza Ekologikoaren I. Azoka ospatuko da Gamon Zumardian. Bertan, Euskal Herriko baserrietako elikagai ekologiko desberdin asko ezagutzeko eta erosteko aukera izango da goizeko 10:00etatik14:00ak arte.
Nekazaritza ekologikoaren gakoak
Errenteriako Udalak, Behemendik eta Biolur Elkarteak antolatutako azoka honetan, Euskal Herriko leku desberdinetako ekoizleak egongo dira eta modu berean produktu anitz topatuko dugu hauen postuetan. Azokan egongo diren produktu guztiek bi ezaugarri berezi dauzkate: era ekologikoan ekoiztuak eta era artisau batetan elaboratu egin direla. Honek zer esan nahi du? Modu laburrean azalduta, natura, animalia eta gizakien osasun eta etorkizuna errespetatzen eta kaltetu gabe ekoiztuta izan direla. Alegia, bere ekoizpen prozesuan ez da produktu kimiko edo toxikorik erabiltzen, eta eraldaketa transgenikorik gabe sortutako ekoizpenak dira.
Abantailak asko direla aipatu beharra dago. Oraina bizi dugun bitartean etorkizuna zaintzen ari garenetik hasita. Horrelako ekoizpen ekologikoak gure osasunaz gain ingurumena zaintzen dituztelako modu iraunkor eta jasangarri batetan.
Azokara hurbiltzeko arrazoiak
Azoketan ematen den salmentari esker kontsumitzaileak informazioa zuzen-zuzenean jasotzeko aukera edukiko du, bertan egongo bai dira produktu horiek sortu dituzten nekazariak. Edozein zalantza argitzeko edo galderak egiteko aukera paregabea dela esan dezakegu.
Gainera, EH kolektiboa, inguruko kontsumo taldeen eta Biolur Elkarteko informazio postuak ere bertan aurkituko dituzu: sortutako material didaktikoa, etxeko eta baserriko landare edo abereak zaintzeko liburu interesgarriak... eta elkarrekin lan egiteko aukerak.
Era berean, Errenteriako I. Nekazaritza Ekologikoaren azokan ondorengo ekoizleak izango ditugu:
- Ibarborda (Unanu): Ardi gazta
- Aikur (Urretxu): Eztia
- Goiabe (Aia): Gozogintza
- Placido Tainta (Falces): Baratxuriak
- Telleri Zahar (Hernani): Ardi gazta
- Garazi Albisu-Domiña abeltzainak (Goizueta): Betizu haragia
- Doniene (Itziar): Barazkiak
- Joseba Baez (Idiazabal): Behi gazta
- Itxoste (Soraluze): Mermelada
- Bodegas Mendiko (Aibar): Ardoa
- Pikunieta (Antzuola): Ardi gazta
- Lonbide (Aretxabaleta): Barazkiak
- Mikel Kormenzana (Urduña): Mermeladak, fruta, zukua
- Aldaba zahar (Tolosa): Ogia, gozogintza, ahuntz eta behi gazta
- Goiti (Ezkio-Itsaso): Ogia
- Mikel Legorreta (Legorreta): Barazkiak
- Oihana Unanue (Azpeitia): Sagardoa
- Ekain (Zumaia): Sagardoa
- Kontsumo taldeetako ekoizleak
Azoka egunean, Txintxarri Elkartean produktu ekologikoekin egin daitezkeen jaki goxoen sukaldaritza tailerra izango dugu. Bertan, eta lehenik, Biolur Elkarteko teknikariak Ekolapiko proiektua Errenteriako Uztargi Udal Haurreskolan nola jarri zen abian aurkeztuko du. Ondoren, haurreskolako sukaldariak azokan dauden produktuekin egin daitezkeen hainbat errezeta ezberdin prestatuko ditu Txintxarri Elkarteko sukaldean.
Azken urteetan Biolur Elkarteak udako azoka bereziak antolatzeari ekin dio. Herri desberdinetako udal eta landa garapenerako elkarteekin elkarlanean hainbat azoka antolatu dira, baserritarrak kontsumitzailearengana hurbiltze aldera. Aurten, berrikuntza bezala, Errenteriako Nekazaritza Ekologikoaren I. Azoka antolatu da, eta azoka hau urtero antolatzen diren udako azoken zirkuituan egonkortu nahi da. Horren adibide ditugu Zarautz, Donostia, Getxo-Algorta, Zerain, Aretxabaleta, Mungia eta Urretxun egiten diren azokak.