Lekuona okindegiko eraikina 1963an eraiki zuten, Olibet-Etxeberrieta auzoan. Industria jarduera hori kokatuta zegoen lursaila (20067-00031 kodea duena) Errenteriako udalerrian kutsagarriak izan daitezkeen Jardueren Inbentarioan sarturik dago.
Egun hiri-lursail hori eta bertan dagoen eraikina Errenteriako Udalaren jabetzakoak dira, eta leku horretan obrak egiten ari dira Dantzagune-Arteleku arte eszenikoetako zentroa eraikitzeko. Eraikitze lan horiek 2013ko otsailean hasi ziren eta 2016an amaituko direla aurreikusita dago.
Mendi eta Ingurumeneko zinegotziak jakinarazi du, jatorrizko eraikuntza -arkitektura-industria interesekoa- egokitzeko lanak egin ostean, indusketaren Ingurumen-jarraipenerako lanak Ondoan S. Coop. enpresari esleitu zaizkiola. Enpresa hori ENACk eta Eusko Jaurlaritzak ikerketa eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzeko erakunde gisa bermatzen dute. Esleipena 35.168 eurokoa izan da.
Kutsadura ezabatzeko lanak apirilaren 13an hasi dira, eta lurrazpiko uren kalitate kontrolak ere egingo dituzte (beruna, TPH eta hidrokarburoak). Egin beharreko lan guztiak kontuan hartuta, gelditzen den lurzoruaren 48 lagin hartuko dituzte: beruna eta hidrokarburoak (TPH).
Aurreikuspena da lurrak induskatzea eta zuzenean kamioian kargatzea, enpresa kontratistak garraia ditzan, eta, betiere udal ingurumenak kontrolatuta, baimendutako zabortegietara. Beste horrenbeste egingo dute zolarriekin, pikatu egingo dituzte, kamioietan kargatu eta RCDak (eraikitze eta eraiste hondakinak) baloratzeko baimendutako zabortegira batera garraiatuko dituzte edo, hala balegokio baimendutako zabortegi batera.
Lurzoruen kutsadura, hondakinak, bioaniztasuna, energia, mugikortasun iraunkorra edo Tokiko Agenda 21 gisako gaiek osatzen dituzte Errenteriako Udalak ingurumen alorrean dituen ekintza estrategikoen lerro nagusiak.
Azken hamarkadan, Campsa-CLH-n (Altzate), gasolindegian (Gabierrota), edo Fixtor-en eta Gecotor-en (Pontika) garai bateko industria jarduerek hartzen zituzten hiri-lursailak deskontaminatzeko prozesuen ostean, oraingo honetan lurzorua lehengoratzeko txanda Lekuona okindegi zaharraren lursailari egokitu zaio (Olibet-Etxeberrieta).