Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak (MITECO) otsailaren 26ra arte ireki du 2021-2023 aldiko Ekonomia Zirkularreko lehen Ekintza Plana jendaurrean jartzeko prozesua. Plan horren helburua Estatuko Administrazio Orokorrak garatu beharreko Ekonomia Zirkularreko Espainiako Estrategiako neurri zehatzak burutzea da, Espainian ekonomia zirkularreko jarduerak ezartzeko.
2020ko ekainaren 2an onetsitako Ekonomia Zirkularrerako Estrategiak, ekoizpen- eta kontsumo-eredu berri bat bultzatzeko oinarriak ezartzen ditu. Eredu horretan, baliabideen, produktuen eta materialen balioa ahalik eta denbora luzeenean mantenduko da ekonomian, hondakinen sorrera ahalik eta gehien murriztuz eta saihestu ezin direnak aprobetxatuz. Estrategiak beronen garatzea eta zehaztea aurreikusten du, hiru urtean behin egingo diren ekintza-planen bidez.
Lehen Ekintza Planak, orain jendaurrean jarri denak, 112 neurri ditu, Estatuko Administrazio Orokorreko hainbat zuzendaritza-zentrok gidatuta. Planean neurri gehien aurkeztu dituen ministerio-saila da Miteco, 49 neurri propio eta 4 neurri partekaturekin.
112 neurri horiek 8 jarduera-ardatzen inguruan egituratzen dira: ekoizpena, kontsumoa, hondakinen kudeaketa, bigarren mailako lehengaiak eta uraren berrerabilera; eta, zeharka, sentsibilizazioa eta parte-hartzea, ikerketa, berrikuntza eta lehiakortasuna, eta enplegua zein prestakuntza.
Informazio gehiago MITECOren webgunean aurki daiteke.