Eskolan konposta programaren bitartez Errenteriako eskolek hondakin organikoak ikastetxean bertan jaso, tratatu eta konpostatzen dituzte, hondakin organikoen zikloa bertan itxiz. 2014-2015ean jarri zen proiektua martxan San Markos Mankomunitateak osatzen duten hainbat udalerritan, eta gaur egun, Errenteriako 11 ikastetxek parte hartzen dute egitasmo honetan.
Cristina Enea fundazioko langileak arduratzen dira ikastetxeekin zubi lanak egiteaz. Horretarako, lehenengo urratsa zentro bakoitzaren egoera aztertzea da, hau da, eskolek zenbat hondakin organiko sortzen duten eta hondakin horiekin zer egiten duten jakitea.
Ikastetxe bakoitzaren beharrak aztertu ondoren hondakin organikoen prebentziorako eta hauen kudeaketarako neurrira egindako hobekuntza plana garatzen da.
Ikasleekin sentsibilizazio saio didaktikoak lantzen dira ere bai, konpostaren nondik norakoak ikas dezaten. Gainera, eskoletako irakasle nahiz langileek ere formakuntza teknikoa jasotzen dute.