2016ko martxoaren 16an Udalak onartu zuen Oinezkoen eta Bizikleten Mugikortasunerako Udal-plana, Trafiko-, Hirigintza- eta Ingurumen-sailen artean egindako lankidetzarekin. Bertan jasotakoa beteaz, 2016ko irailean eta urrian, Udalak Errenteriako Udal Bizikleta-sarearen erabileraren jarraipena eta ebaluazio-sistema ezarri zuen, bizikleten zenbaketa sistematikoan oinarriturik. Datu horiek sarearen kudeaketa hobetzeko aukera ematen dute, azpiegitura horien egungo eta geroko eskaera aztertuz.
Itxura batean antzeman badaiteke ere garraio bide horren erabilera gehitzen ari dela, 3 puntu estrategikotan egindako aforoek hasiera batean zeuden itxaropenak gainditu dituzte. Bi asteko epean eguneko batez beste 1.400 inguru bizikleta zenbatu ziren, honako lekuetan banaturik: Santa Klara plazan (Matxaingo biribilguna) eguneko 800 bizikleta zenbatu ziren, Nafarroa etorbidean (Alaberga aurrean) 400 bizikleta eta Biteri kalean 200. Zenbaketak 2016ko irailaren 23a eta urriaren 6a artean egin ziren.
Bizikleta bat 30 segundo bakoitzeko Fanderiaren eta Erdialdiaren artean
Santa Klara plazari dagokionez, deigarria da ziklisten maiztasun handia astelehenetik ostiralera, eta lanera edo ikastera joateko eta irteteko orduetan. Horrek erakusten du bizikletak lortu duen garrantzia eguneroko garraiobide gisa, kirol eta aisia arrazoiek zabaldutakoez gain. Irailaren 28an, giro oneko lanegunean, 8:00etatik 20:00etara orduko 67 bizikleta zenbatu ziren, eta joan-etorri handiko unetan 30 segundoko bizikleta bat 17:00etatik 20:00etara bitarteko tartean.
Nabarmendu beharreko beste datu bat da euriarekin bizikletaren erabilera gutxitzen bada ere, ez da gertatzen uste bezainbeste. Izan ere, eguraldi txarrarekin zirkulatzen dute ateri dagoenean ibiltzen diren bizikleten %60a. Eta, datu honek argi erakusten du eguneroko garraiobide honen erabilera igoera ohikoa bihurtzen ari dela. Zenbaketa epealdian izandako batez bestekoa mantenduz gero urtean 500.000 mila joan etorri erregistratuko lirateke.