Errenteriako Udalak, maiatzaren 3ko Tokiko Gobernu Batzordean, Errenteriako Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza-plana (2020-2030) onartu zuen. Planaren osaketan herriko eragile eta herritarrek parte hartu dute.
Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Ekintza-planaren (KEIEP) helburu nagusia Europar Batasunak 2030erako ezarritako helburuak betetzeko eta gainditzeko egin beharreko ekintzak definitzea da. Ezarritako helburu horiek honako hauek dira: 2007ko oinarri-urtearekin alderatuta, bere lurralde-eremuan CO2eq isurketak % 55 murriztea, eta klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko ikuspegi komuna hartzea. Klima-larrialdia dela eta, gero eta nabarmenagoa eta administrazio publikoaren maila guztietan aitortua, CO2eq isurien murrizketa % 55era igotzea proposatu du Europako kontseiluak 2030erako; beraz, Errenteriako udalerriak izan ditzakeen muga errealisten barruan, ahalik eta ahalegin handiena egin beharko litzateke helburu berri horiek lortzeko.
Bestalde, KEIEPak bat etorri behar du Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta Nazio Batuek bultzatutako 2030 Agendarekin. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legea ere bete behar du. Azken horrek euskal erkidegoko udal guztiek energia berriztagarriak aprobetxatzeko behar adina instalazio izatea eskatzen du, beren eraikin eta ekipamenduen kontsumoaren % 32 hornitzeko, aprobetxamendu termikoko sistemak zein elektrizitatea sortzeko sistemak barne, 2030. urterako.
Planak 148 ekintza ditu, 126 arintzekoak eta 22 egokitzekoak. Horiek, gehienbat, 4 ildotan biltzen dira: eraginkortasun energetikoa, mugikortasuna, berriztagarriak arintze-ekintzetan, eta hiri-ingurunean eta azpiegituretan egokitzeko ekintzetan. Udal mailako inbertsioa 24,8 milioi euro ingurukoa da.