Hurrengo asteartean Errenterian kokatutako auzo-konposta egiteko guneetara hileroko jarraipen-bisitak egingo ditu Udalak. Lan horiek Errenteriako Udalak duela 4 urte abian jarritako konpostaje-programaren baitan kokatzen dira eta, bertan parte hartzen duten herritarrei, dela auzokonposta egiten nola etxeko konposta egiten, zaborraren tasan %30eko hobaria aplikatzen zaie.
Auzokonpostaren ikuskaritza-lanak gauzatzen dituen lantaldeko kideak 14:00etan abiatuko dira Fanderiako gunetik. Honakoa izango da ibilbidea: Fanderia, Agustinak eta Gaztaño (lehenik Arramendi igoeraren hasieran kokatuta dagoen gunea eta ondoren, Gaztaño 44 zenbakiaren parean dagoena). Alaberga auzoari dagokionez, Uztargi haurreskolan kokatutako konpostaje-gunearen bisita uztailaren 18ra aurreratu da, hurrengo astetik aurrera haur eskola itxita egongo baita opor-garaia dela eta. Herritarren auzoko konpostaje-guneari dagokionez, eremu horretan egiten ari diren lanak gora-behera, gunea kendu egin zen eta herri-lanak amaitutakoan berriz ere erabilgarri izango dute konpostaje-programan parte hartzen duten auzoko bizilagunek.
Ikuskaritza hau erabiltzaileek izan ditzaketen zalantzak eta kezkak argitzeko ere baliatu nahi du lantaldeak. Hori dela eta, erabiltzaileren batek ikuskaritzako teknikariarekin hitzordua finkatu nahiko balu, aldez aurretik 628 532 303 telefonora deitu edo whatsApp bat bidali dezake, edo, bestela, ondorengo epostara idatzi, hurrengo astelehena baino lehen: auzokonpostae@errenteria.eus.
Oraindik auzo-konposta egiten ez duten eta parte hartzeko interesa duten herritarrek, lehen aipatutako bideak erabil ditzakete Izadi 21 aholkularitza-enpresarekin harremanetan jartzeko.
Etxean konposta egiten duten herritarrei ere aholkularitza eta laguntza zuzena eskaintzen die Udalak, konposta egiteko orduan sor daitezkeen zalantzei erantzunez eta intzidentzien inguruko informazioa jasoaz. Erabiltzaileek zalantzak izanez gero edo herritarren batek etxean konposta egin nahiko balu, honako posta elektronikora idatz dezake: etxekonpostae@errenteria.eus.