José Manuel Ferradásek, Mendi eta Ingurumen Departamentuko zinegotziak jakinarazi duenez, ekainaren 8-12 bitartean, biak barne, Niessen Merkataritza Guneko galerietan bertako 15 hiritarrek ateratako 120 argazkitik gorako sorta ikusteko aukera izango da.
Ibai paisaiak: Oiartzun ibaiari begiradak Errenterian izeneko erakusketak, egungo eta udal-artxiboko argazki historiko bitxiak ere eskaintzen ditu. Bat-bateko argazki horiek ibai eta estuario inguruneko paisaiak erakusten dituzte, zenbaitetan inoiz kontuan hartuko ez genituen zokoak, lekurik estimatuenak, fauna, flora eta bioaniztasuna, baita gaurko eta ibaia protagonista zen garai bateko bizipenak eta paisaiak jasotzen dituzten argazkiak ere. Begirada sortzaileak ere badira, eta ura inspirazio baliabide bihurtzen dute.
Erakusketa hau Errenteriako Udala osatzen ari den Oiartzun ibaiaren Paisaiaren Ekintza Plana Errenterian lanketaren zati da, zeinak gune horren balioa nabarmendu asmo duen. Uztailean erakusketa Xenpelar Etxera eramango dute.