Añarbe Baso Erreserba izendatzearen ondorioz, berrantolatu egingo dira Aiako Harria parke natural eta kontserbazio bereziko eremuan (KBE) dagoen udal-mendi honetako erabilerak, besteak beste ganaduari eta ehizari lotutakoak.
Horrela, Natura 2000 Sareko eremu honetako bioaniztasuna kontserbatzeko xedeei jarraiki, Errenteriako Udalak eta Foru Aldundiko Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzuak martxoaren 17an jarri zituzten abian Aldura-Pertsele-Igantzi mendigunean larre-eremu berriak ezartzeko lanak. Horretarako, Errenteriako Udalak 15.000 euroko inbertsioa egin du 2014an.
Iratzez eta otez betetako eremu batzuk mozten hasi dira, eta berriki moztu diren alertze japoniarren eta intsinis pinuen hondakinak txikitzen ere. Ondoren, itxiturak, askak, txartelak, bideko parrilak eta tratamendu sanitarioetarako eskorta bat jarriko dira.
Errenteriako Abeltzainen Erregistroan erroldatuta dauden abeltzainek eta azienda-taldeek baliatu ahal izango dituzte onura hauek (gehien bat ardiak daude erregistratuta), Donostiako eta Errenteriako Udalek sustatutako Añarbeko Erreserba Eremuaren izendapenari esker.