Errenteriako Udaleko Mendi eta Ingurumen deparamentua Oiartzun ibaiaren inguruko paisaiaren gaineko ekintza-plana prestatzen ari da, eta horren baitan argazki-erakusketa bat egingo da ibaiaren lehengo eta oraingo egoera irudikatzeko.
Hori dela-eta, partikular nahiz erakundeei eskaera luzatzen dizuegu ibaiaren eta bere ingurunearen lehengo eta oraingo ikuspegiaren irudiak helarazteko. Pasealeku, parke eta plaza, eraikin eta bestelakoak izan daitezke, Fanderiako presatik portuko bokalerainoko ibilbidekoak. Helburua da jasotzea oroimenean ditugun paisaien eta bizipenen antzinako argazkiak edo gehien gustatzen zaizkigun egungo eremuenak; bestalde, zure ustez itxura txarra ematen dioten elementuen irudiak ere izan daiteke.
Hautatutako irudiekin "Oiartzun ibaiaren paisaiak – Paisajes del río Oiartzun" erakusketa antolatuko da eta bilduma Udalaren web orrian eskuragarri egongo da. Apirilaren 17ra arte jasoko dira irudiak Udaleko agiritegian (Udaletxeko beheko solairuan) 08:00etatik 14:00etara, edo posta elektronikoko helbide honetan: ibaipaisaiak@gmail.com. Argazki inprimatuta edo formatu digitalean aurkeztu ahal izango dira.