Errenteriako Udalak bat egin du 2015eko Planetaren ordua ekimenaren deialdiarekin. Hori dela-eta, udaletxeko argiak itzalita egongo dira datorren larunbatean (martxoak 28) 20:30etik 21:30era.
Halaber, Udalak errenteriarrei dei egiten die ordu horretan argiak itzaltzera, klima-aldaketaren aurkako ekintza sinboliko gisa. Keinu txiki hori ekintzarako dei bihurtu da mundu-mailan, eta urtetik urtera ohikoa da.
Planetaren ordua da klima-aldaketaren aurkako mobilizazio- eta borroka-kanpainarik zabalena. WWFk antolatutako ekimen hau Sidneyn sortu zen 2007an, eta orduz geroztik 160 herrialdetako 7.000 hiri eta herrik, milaka enpresa, ikastetxe eta erakundek ekimen honekin bat egiten dute erakusteko energia garbietan oinarrituta egin daitekeela etorkizunerako bidea.
2015 urtea gakoa da klimaren arloan. Izan ere, abenduan mundu osoko gobernuak Parisen bilduko dira erabaki bat hartzeko eta klima-aldaketa kontrolatzen saiatzeko, besteak beste, ondorio ekologiko, ekonomiko eta sozial larrienak saihestu asmoz. Negutegi efektuko isuriak geroz eta ugariagoak dira eta, horrela jarraituz gero, ezin izango dugu klima-aldaketa saihestu eta guztiok jasango ditugu ondorio katastrofikoak.
Ezinbestekoa da egungo energia-eredua berehala alde batera uztea, erregai fosilik ez erabiltzea -ikatza, petrolioa eta gasa-, energia modu eraginkorragoan erabiltzea eta energia berriztagarria izatea. Teknologia eskura dugu, eta orain borondate politikoa behar dugu teknologia horietako inbertsioak sustatu eta erregai fosilei ematen zaizkien diru-laguntzak eteteko.
Pariserako bidaiako lehen geltokia Planetaren orduan izango da. Errenteriako Udalak dei egiten die herritarrei beren boterea erabil dezaten klima-aldaketa geldiarazteko. Keinurik txikienak ere badu indarra aldaketa orokorra lortzeko borrokan. Guztiok gara konponbidearen parte eta etorkizun berriztagarria lortzen lagun dezakegu. Larunbatean (martxoak 28) bat egingo dugu Planetaren orduarekin.