Errenteriako Udaleko Mendi eta Ingurumeneko zinegotzi den José Manuel Ferradasek adierazi duenez, bide publikoak hobetu, konpondu eta hormigoitzeko lanak aste honetan jarri dira abian.
Lehen fasean Beraun auzotik Sanmarkosera igotzen den bidea hormigoituko da. Ondoren, Susperregi baserrirako irispidea hobetzeko lanak egingo dira; Azpitarteko kutxatila bat, Frantsillaga inguruko bideak eta Tolarieta baserrira iristeko bideak konponduko dira; eta, azkenik, martxoaren amaieran, Artamugarrirako lotunean jardungo dira. Udalak hirugarren urtez jarraian atera du lizitazio hau eta, aurten, 30.000€ bideratuko ditu landa-ingurunean bizi diren herritarren bizi-baldintzak hobetzen dituzten lan hauetara.
Berdintze-lanez gain, ura husteko hainbat obra ere egingo dituzte: ur-bideak, arekak eta drainatzeko erremateak. Lan horiek urak horrelako bideetan duen eragina saihestea dute helburu.
Lan horien baitan, hainbat neurri zuzentzaile eta osagarri ere jarriko dira abian, hala nola: lurrak mugitu behar diren espazioetan landaredia naturala berriz landatzea. Era berean, lanok burutzeko kontratatutako enpresak zuhaitzak, zoladura, eroanbideak eta obren eragina izan duten gainerako hirigintza-elementuak konpondu edo berriz landatuko ditu.