Errenteriako Udaleko Mendi eta Ingurumeneko zinegotziak, José Manuel Ferradásek, jakinarazten du Gipuzkoako Hiri-hondakinen Azpiegituren Lurraldearen Arloko Planari alegazio bat aurkeztu diola Udalak, eskatuz Sanmarkoko garai bateko zabortegian kokatutako HHSen transferentziagunea kendu eta birkokatzeko. Hortaz, eskatzen du instalazioa Lau Haizeta Parketik kanpo kokatzea.
Gipuzkoako Hiri-hondakinen Azpiegituren Lurraldearen Arloko Plana (LAP) behin betiko onartu zen uztailaren 21eko 24/2009 Foru Dekretuaren bidez. Fase honetan egin behar ditu alegazioak Errenteriako Udalak. LAP honek Errenteriako lurretan San Markoko HHSren transferentziagunea instalatzea proposatu zuen. Instalazioaren bidez mankomunitateak bildutako hondakin primarioak trinkotu egiten dira, ondoren, Gipuzkoan dirauten hiru zabortegietara (Lapatx, Urteta eta Sasieta) eramateko.
Mendi eta Ingurumen Departamentuak argi du Lau Haizeta babesturiko naturagunea dela; 1999an indarrean jarri zen Lau Haizetako Parkearen Plan Bereziak babesten du eta 600 ha hartzen ditu Astigarraga, Donostia eta Errenteriako udalerrietan barrena. Lau Haizetako Parkeak erabilera publikoko bisita- eta maiztasun-sistema du, eta milaka pertsona joan ohi dira Parkeko hainbat lekutara. Udalaren iritziz, zabortegia ixteak eta zigilatze-lanak egiteak aukera bikaina dira Lau Haizeta parkerako sarrerei balioa emateko, horregatik iruditzen zaigu guztiz desegokia transferentziagune horrek egungo kokalekuan jarraitzea.
Horregatik guztiagatik, Errenteriako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari alegazioa egin dio Gipuzkoako Hiri-hondakinen Azpiegituren Lurraldearen Arloko Planaren inguruan, Sanmarkoko transferentziagunea kentzeko eskatuz.