Irailean hasiera eman zitzaion ikasturte berriari eta urrian, lehenengo hartu emana izan dute Errenteriako ikastetxeetako irakasle koordinatzaileek Eskola Agenda 2030aren baitan landuko den helburu berriarekin: 6. Garapen Jasangarriko Helburua, Ur garbia eta saneamendua.
Ikasturte honetan, ikastetxeetako eta herriko diagnostikoak egingo dira egoeraren irudi argi bat izateko. Diagnostiko horren harira, hobekuntza helburu batzuk identifikatuko dira eta lehentasunak markatu. Hauek izango dira hurrengo ikasturtean esku-hartze plana egiteko abiapuntua, beraz, teoriatik praktikara joango dira. Horrela, 2025eko maiatzean egingo den eskolen arteko foroan, ekintzetarako proposamen desberdinak jarriko dira mahai gainean. Proposamen hauen artean, ikasleek erabakiko dute zeri emango dioten lehentasuna diagnostikatu duten arazoari aurre egiteko.
Diagnostikoa egiteaz gain, uraren inguruko alderdi ezberdinak ezagutuko dituzte: herrian edaten den ura nondik datorren, zenbat kontsumitzen den, zer gertatzen den hondakin urekin, Oiartzun eta Urumea ibaien habitatak eta haien errekak, eta baita klima aldaketak duen eragina eguraldian aztertu ahal izango dute.
Beraz, herriko gazteek eta ikastetxeek, izango dute zer egin hurrengo hilabeteetan. Gainera ez dira bakarrik izango, Errenteriako Udala bidelagun izango dute zeregin horietan.