Azken urteetan ohikoa den bezala, irailaren 22an, ostirala, bigarren eskuko bizikleten azoka antolatu du Errenteriako Udalak Gamon Zumardian. Arratsaldeko 16:30etik 20:00etara bitartean egongo da zabalik eta antolatzaileek aurreko edizioek izan duten arrakasta bera izatea aurreikusten dute.
Gordailu-zerbitzu sistema erabiliko da: saldu nahi diren bizikleta eta patineteak antolakuntza-taldeari eraman beharko zaizkio egunean bertan 15.00etatik 16.30etara bitartean, ondoren beraiek saldu ditzaten. Sortu daitezkeen ilarak ekiditeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena eman eta hitzordua eskatzea www.merkabi.eus/errenteria helbidean aurkitu daiteken formularioa betez edo 943 67 02 49 telefonora deituz. Parte hartzeko beharrezkoa da adinez nagusia izatea eta NAN eta telefono zenbakia eskatuko dira; Gainera, ez da onartuko 500 € baino prezio garestiagorik.
Aipatutako sistemaren bidez edozein pertsonak parte hartu ahal izango du salerosketan. Antolakuntzako kideak arduratuko dira bizikleta eta patineteen zaintzaz eta salmentaz eta azokaren amaieran, eskuratutako dirua edo saldu ez diren produktuak jabeei itzuliko zaizkie. Era berean, aukera paregabea izango da herritarrek patinete eta bizikletak prezio ezin hobean eskuratzeko.
Horretaz gain, bizikleta-materialaren birziklapenerako tailerra eta erakusketa ere burutuko dira eta Gurutze Gorriko boluntarioak mugikortasun osasuntsua landuko dute herritarrekin.
Ekimen hau, Europa osoan urtero antolatzen den Mugikortasun Iraunkorraren Asteko egitarauan kokatzen da, eta aldi berean, Uda Hondakinen Prebentzio Planaren helburuetan betetzeko asmoa du.