Arditurriko III. bizikleta martxaKartela

Garai batean Arditurriko meategietatik Pasaiako portura mea garraiatzeko erabiltzen zen trenbidea festa giroan murgilduko da datorren igandean. Izan ere, irailaren 14ean Arditurri Bide Berdearen III. Eguna ospatuko da Oiartzunen, eta hainbat ekintza antolatu dira egun honetarako:

Egunari hasiera emateko, Arditurriko III. bizikleta martxa abiatuko da goizeko 9:30ean Errenteriako Gamon Zumarditik eta 10:00etan Oiartzungo Done Eztebe plazatik. Horrela, Arditurri Bide Berdea hartuko du martxak, Arditurriraino iritsiko delarik. Ibilbidearen zailtasun maila erraza da, beraz adin guztientzako egokia da bizikleta martxa hau. 16 urtetik beherakoek kaskoa eramatea derrigorrezkoa da eta argia eramatea gomendatzen da. Bizikleta martxan parte hartzeko 15 minutu lehenago egon beharko da irteera puntuetan, eta bertan elkartzen diren lehen 300 lagunek hamaiketakoa doan izango dute helmugan.

Bizikleta martxa Oiartzun eta Errenteriatik aterako den arren, Oarsoaldeako eta Gipuzkoako beste herrietatik ere aukera dago Arditurriko bide berdera sartzeko eta martxarekin bat egiteko: Errenteriako Fanderia auzoan bide berdera sarrera bat dago eta Oiartzungo Arragua auzoan kokatzen den Euskotren geltokiaren ondoan ere beste sarrera bat dago. Euskotrenek eta Renfek bere tren guztietan bizikletak garraiatzeko bagoi bereziak dituzte, beraz, Gipuzkoako hainbat herrietatik ere aukera dago Arditurriko III. bizikleta martxara gerturatzeko.

Bizikleta martxaren helmuga Arditurriko meategian egongo da, eta bizikleta gordailu zerbitzua jarriko da bertan. Horrela, helmugan ere hainbat ekintza antolatu dira. Meategira bisita gidatuak prezio murriztuan egin ahal izango dira goiz osoan zehar eta meategiko bisita-txartelarekin, Seg-way zirkuitua egin ahal izango dute bisitariek dohainik. Honetaz gain hainbat jolasetan parte hartzeko aukera izango dute ere: zinta karrerak, herri kirolak, jolasak bizikletarekin, etab.

Arditurri Bide Berdearen III. Eguna Oiartzungo Udalak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatu dute, herriko hainbat elkarteren laguntzaz: Lartaun Z.T.K.E., Girizia K.K.T eta Ttak.

Laguntzaileak: Errenteriako Udala, Euskadiko Triatloi Federazioa, Leurtza Abentura eta Carrefour.

 

Informazio gehiagorako

Arditurriko Parketxea
943 494521/943 495069
arditurri@gipuzkoamendizmendi.net
www.parketxesarea.org

Otsaila 2025
A A A O O L I
27 28 29 30 31 1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 1 2