Kutxa Ekoguneak elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzearen aldeko apustua egiten du eta horretarako Baratze Parkea Sarea martxan jarri du Gipuzkoako hainbat herritan. Egitasmoak Gipuzkoako 16 udalerritara zabaltzea du helburu eta Errenteria ere ekimenera batu da, bertako herritarrek euren lursail propioak lantzeko aukera dutelarik.
Errenteriako Udalak zenbait udal lursail herritarren eskura jarri nahi ditu aisialdirako baratze modura erabiltzeko, modu honetan aisialdi aktiborako topagune bat sustatuz zein gizatalde ezberdinen arteko elkarbizitza, harremanak eta belaunaldi ezberdinen arteko trukea bultzatzatuz eta, era berean, nekazaritza ekologikoari bultzada bat emateko asmoz.
Gipuzkoako baratzeak martxan jarri ahala, Baratze Parkea Sarea gauzatzen ari da. Honen bitartez, Kutxa Ekoguneak informazioa eta aholkularitza zerbitzua eskainiko du, erabiltzaileen zalantzei erantzuteko eta informazioa trukatzeko edota ekitaldiak antolatu ahal izateko.
Errenteria, Baratze Parke Sarera gehitu da
Errenteriako Baratze Parkea Udalak Arramendiko hiri-parkean kokatutako udalaren herri lurretan dago. Gaur egun, guztira 71 lursail edo baratze osatzen dute, 30 eta 60 m2-koak.
Bertan, lursailez gain, erabiltzaileek landa-eraikin bat badute lanabesen biltegi gisa erabili ahal izateko. Baratzeak erabiltzeko baimenak urtebeteko epea izango dute eta gehienez, beste lau urte luza daiteke (guztira, bost).
Barazkiak modu ekologikoan ekoiztuko dira eta horretarako ikastaroak emango ditu Ekoguneak esleipendunei. Honetaz gain, erabiltzaileek hilero jarraipen tutorial bat izaten ari dira euren kezkak eta zalantzak argitzeko.
Baratze Parkea webgunea
Baratze Parke Sareak izango duen ekarpenik erabilgarrienetako bat www.baratzeparkea.ekogunea.net webgunea izango da. Honen bidez erabiltzaileek Baratze Parkea Sareko informazio guztia eskuragarri izango dute: baratzezaintzari buruzko aholku praktikoak, ikastaroak, ekimenen agenda, argazki galeriak,... eta baita beste herrietako kideekin harremanak egiteko ere.
Bestalde, Baratze Parkea Sareko kideek foroan parte hartzeko aukera izango dute. Modu honetan, herri ezberdinetako Baratze Parkeko partaideek elkar ezagutzeko eta informazioa zein gomendioak elkar trukatzeko aukera izango dute. Topagune birtualari esker, nekazaritza ekologikoa praktikatzeko ekarpenak, aholkuak eta kezkak azaldu ahal izango dituzte egunez egun, baita argazki eta bideoen bidez.
Auto-hornikuntzarako baratzeak
Baratze Parkeko lursailen emaitzak auto-hornikuntzarako erabiliko dira: lurraren fruituak, baratzen laborantzak emanak, soilik kontsumitu ahal izango dituzte familiaunitateek, etekin ekonomikorik jasotzeko aukerarik izan gabe.
Informazio gehiago: