• AñarbeAñarbe
  • NiessenAzokaBertako produktuen kontsumoa
  • Eguzki plakakEnergia berriztagarriak
  • Herri-baratzakHerri-baratzak
  • Portuko txatarraKutsadura atmosferikoa
  • Bidegorria+bizikletakMugikortasun iraunkorra

Aspalditik ezaguna da ingurumenak gure gizartearen garapenean duen eragina. Nazioarte mailan erakunde, organismo eta gizarte eragile ezberdinek ere erlazio honen garrantzia azpimarratu dute. Hain zuzen ere, 1987an Nazio Batuen Ingurumen eta Garapenerako Mundu-Batzordeak Gure etorkizun komuna LogoRio20izeneko txostena (Brundland txostena) argitaratu zuen, eta bertan, Ingurumena eta Garapenaren arteko oreka lortzea datorren urteetako arazo nagusienetakoa izango zela adierazten zen. Txosten horrek berak, Garapen Iraunkorra gaur eguneko beharrak asetzeko gai den garapen eredua da eta, aldi berean, etorkizuneko belaunaldien beharrak asetzeko gaitasuna arriskuan jarriko ez duen garapen eredu gisa definitu zuen. Definizio hau izanda mundu mailan gehiengo batek adostu duena eta egun indarrean dagoena.

1992. urtean Rio de Janeiron (Brasil) Ingurumen eta Garapenerako Nazio Batuen 1. Batzarra ospatu zen (Lurraren Batzarra izenaz ere ezaguna dena). Konpromiso ugari hartu ziren bertan, azpimarragarrienetarikoa Agenda 21a edo 21 Programa izenez ezagutzen dena izan zen, Rioko Gailurrean adostutakoak aurrera eramateko lan plangintza egokiena zela uste baitzen. Zentzu honetan, Agenda 21a garapen iraunkorraren alde lan egiteko Ekintza Plan gisa definitzen da. Agenda 21 dokumentuaren 28. kapituluan jasotzen denez, gaur egungo garapen ereduarekin zerikusia duten arazo eta irtenbideetariko asko tokiko ekimen eta erakundeen parte-hartze eta elkar laguntzaren menpe daude. Horregatik, programaren helburuak lortzeko nahitaezkoa da tokiko erakundeen parte-hartzea; herritarrenganako erakunderik gertukoena den heinean, garapen iraunkorraren aldeko hezkuntza sustatu eta herritarren inplikazioa bilatzeko administrazio organorik egokiena baita. 

Europar Batasunari dagokionez, Garapen Iraunkorrerako Nazio Batuen Batzordeak 21 Programa delakoaren ebaluaziotik eratorritako emaitzak aintzat hartuz (Batzordea 1992. urtean sortu zen, mundu mailan Rioko Gailurrean hartutako konpromisoen koordinazioa kudeatzeko), 1994. urtean Danimarkako Aalborg hirian Europako Herri eta Hiri Iraunkorren lehen Jardunaldia ospatu zen. Topagune honetan Aalborgeko Gutuna onartu zen (Tokiko Agenda 21 prozesuen bidez iraunkortasunaren aldeko pausuak eman nahi dituzten Europako udalerriek gutun hau sinatzen dute).

Aipatzekoa da ere, Garapen Iraunkor Baterantz izeneko dokumentuaren onarpena 1992. urtean (Europar Batasuneko Ingurumenen esparruko V. Jarduera-programa). Txosten honen helburua ingurumen arloa Europar Batasunaren gainerako arlo-politiketan txertatzea zen. Urte batzuk beranduago, Europar Batasunak bere Garapen Iraunkorrerako Estrategia propioa (Garapen Iraunkorra Europan, mundu hobeago batentzat) eta Ingurumen esparruko VI. Jarduera-programa (Etorkizuna geure eskuetan dago) onartu zituen.

2002. urtean, Johanesburgo hirian ospaturiko Lurraren II. Gailurrean (Rio +10), Agenda 21en aplikazio eraginkorra lortzeko agintaritza maila guztietan indartu eta hobetzeko konpromisoa onartu zen. Honez gain, ingurumen arloko Europako Batzordeko Ekintzarako VI. Programa aurkeztu zen, bertan Europako Batasunak 2001eko ekainean onartutako Garapen Iraunkorrerako Estrategiaren ingurumen alderdi nagusiak jasotzen direlarik. 

Munduko eta Europa mailako betekizunak aintzat hartuz, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak 2002. urtean Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategia (2002-2020) onartu zuen. Ingurumen Esparru Programari dagokionez, 2007. urtean Eusko Jaurlaritzak 2007-2010 urteetarako programa berria onartu zuen (EAEko II. Ingurumen Esparru Programa hain zuzen ere). Estrategia burutzeko, Ingurumen Esparru Programak eta gaikako estrategia eta programak garatzeko metodologia adostu zen (adb: Klima-aldaketaren Aurkako Euskal Plana, Kontsumo Iraunkorrerako Plana, Bioaniztasunerako Estrategiaren Euskal Plana, etab.). Honela, III. Ingurumen Esparru Programan (2011-2014), etorkizuneko belaunaldien bizi kalitatea baldintzatuko ez duen egungo bizi kalitatearen hobekuntza lortzeko, gizarteak erdietsi beharreko ingurumen helburuak finkatzen dira, ekonomia eta gizarte eragileentzako jardunbide batzuk ezarriz. Egoera honen aurrean, zer esanik ez dago, Tokiko Agenda 21 prozesuak (aurrerantzean TA21) garapen iraunkorra erdiesteko udal mailako tresna paregabeak direla. 

Bai Tokiko Agenda 21 prozesuak zein Eskolako Agenda 21 programak (aurrerantzean EA21) modu jarraian ezartzen joan dira EAEko udalerri eta ikastetxeetan. Ildo honetan, 2002. urtean Tokiko Agenda 21en ezarpenean aurreratuen zeuden udalerriek, Eusko Jaurlaritzak, EUDELek eta Lurralde Historikoetako hiru Foru Aldundiek Udalsarea 21 sortu zuten (Iraunkortasunaren aldeko Euskal Udalerrien Sarea). Sareko kide izateko aldez aurretik hainbat baldintza bete behar dira. 

EA21i dagokionez, iraunkortasunaren aldeko hezkuntza programa hau 2003. urtean ezarri zen EAEn. Ekimen honen garapena CEIDA-Ingurugelaren (Eusko Jaurlaritzaren menpekoa) koordinazio orokorraren zein Udalen dinamizazio eta koordinazio lan zehatzen bitartez burutzen da.

Intereseko dokumentuak:

Azken Berriak:

Ekaina 2019
A A A O O L I
27 28 29 30 31 1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30