Añarbe interes biologiko handiko animalia basatien habitata da: basakatua, katajineta, erbinudea, azkonarra, katagorria, muxar grisa, orkatza, basurdea, okil beltza, okil handia, hontz ertaina, urubia, izokin arrunta, kukulumera... Desagertzeko arriskuan dauden animalia zein landare espezieak ugaldu, babestu eta elikatu egiten dira Añarben. Baso natural helduak eta egundoko baso eremu trinkoak aurkitzen dira han, naturaltasun handiko paisaiak beti ere.

Baso-erreserba

2009 urtean, udalerriko natura-eremu honen balioaz jabeturik, Udala erreserba-eremu izendatu zedin urratsak ematen hasi zen, eta egun, Añarbeko eremuaren zati baten jabe den Donostiako Udalakin batera, eremu honen balioa ezagutarazten ari da. Izan ere, Errenteriako Udala Añarbeko basoaren 910 hekateraren jabe da, eta Donostiakoa, berriz, 118 hektarearena (Errekabeltz izenez ezaguna).

 Aiako Harria Parke Naturalaren Añarbeko Baso Erreserba eta Kontserbazio Bereziko Eremua ezagutarazteko, 2013. urtean, Añarbe Baso Erreserba, basoak eta urak bat egiten duen eremua kanpaina abian jarri zuten Donostiako eta Errenteriako Udalek eta Añarbeko Uren Mankomunitateak. Prentsa artikulu eta iragarkiez gain, ibilbide gidatuak antolatu dituzte. Honez gain, Añarbek urarekin duen erlazioa erakusteko, Añarbe Baso Erreserba inguruko hainbat jatetxetan ur-pitxer eta banakako mantelen banaketa egin zen, bai herritar zein kanpotarren artean eremu hau ezagutzera eman asmoz. Era berean, Añarbeko Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan banatzeko Añarbe Baso Erreserbari buruzko liburuxka eta posterrak argitaratu ziren.

Txangoa Añarbeko basoan zehar

Udalerri honetan egin daitekeen ibilbide ederrenetako bat Añarbeko urtegi inguruan eta basoan barrena egin daitekeena da. Leku paregabea da, hariztiz eta pagadiz inguraturik, bakardadean egiteko ibilaldia , Añarbeko urtegia behatu bitartean. Bertan ohikoak dira ibai inguruetako eta hezeguneetako espezieak: amuarraina, aingira, ezkalua, ur-igela, baso-igel gorria, apoa eta uhandrea, ur-sugea martin arrantzalea, ur-zozoa, kuliska txikia eta ipurtatsa esate baterako.

Gipuzkoa eta Bizkaiko harizti handiena den honetan, orkatza, basurdea, basakatua, okil handia eta harrapari mota ugari bizi da.Aarbe1

GI-3671 errepidean ekingo diogu ibilbideari , Astigarragarako norabidea hartuta Zamalbideko auzoraino iritsi arte. Astigarragako Benta bidegurutzera iristean, Perurena tabernaren ezkerraldetik doan errepidea hartu eta, bi kilometro iragan ostean, eskuinaldean, zelaiaren ondoan Langagorriko zista aurkituko dugu (Burdin Aroko zistaren adibide ikusgarria).

Zuzen jarraituz, eta Listorretako atsedengunetik pasa ondoren, Barrengoloiako atsedengunera iritsiko gara. Ondoren, Malbazarrera iristen den pista hartu, Idoiagako muinoraino igo bertako Susperregi jatetxeraino. Parke Naturalaren hegoaldeko sektoretik beste sarbide bat dago, Aranoko mendatea pasa eta Goizuetarantz (Nafarroa) hartuta.

Añarbeko basoa

Prezipitazio ugariek eta gizakiak bertan presio handia egin ez izanak, pagoen eta haritzen baso azidofilo izugarriak sortzea bermatu du. Urtegi osoaren inguruan basoak ez du etenaldirik. Era berean, neurri txikiagoan, espezie exotikoak landatuta daude, adibidez: intsinis pinua (Pinus radiata), laritza (Larix decidua eta Larix leptolepis), altzifre faltsua edo Lawson altzifrea (Chamaecyparis lawsoniana), izei gorria (Picea abies), etab. Gainera, basoan oso zuhaixka interesgarriak daude, esaterako: gorostia (Ilex aquifolium), ahabia (Vacinium myrtilus), etab. Hala ere, gizakiak ez ditu beti natur baliabideak modu berean ustiatu. Orain, landare kontserbaziorako, artzaintzarako (Latxa ardia) eta landatuta dauden zonak ustiatzeko besterik erabiltzen ez bada ere, lehen, gehien bat, landare-ikatza lortzeko eta itsasgintzarako erabiltzen ziren baso horiek. Hala, txondor asko kontserbatzen dira eremu horretan.

Aarbe erreserba-eremuaAnimalia espezieen aberastasuna ere azpimarratzekoa da. Batetik, urtegietako eta ibaietako urarekin zerikusia duten espezieak daude, hala nola izokina (salmo salar), amuarraina (Salmo trutta), ezkailua (Phoxinus phoxinus); hegaztiak, besteak beste: txilinportak (Podiceps nigricolis), murgilak (Podiceps cristatus), ur-zozoa (Cinclus cinclus); edo ugaztunak, besteak beste, muturluze piriniarra (Galemys pyrenaicus). Espezie horiekin batera, basoan bizi diren espezieak aurkituko ditugu: txonta (Fringilla coelebs), okil handiak (Dendrocopos major), orkatza (Capreolus capreolus), urtxintxa (Sciurus vulgaris), lepazuria (Martes foina), etab.

Añarbeko urtegia

Elementu aipagarriak: natur balio handia duen espazioa eta oso paisaia interesgarriak, baso-parajean ur-xafla baitago. Inolako zailtasunik gabe, ibilaldi lausoak egin daitezke. Halere, Añarbeko mendi guztietan ez dago motorrezko ibilgailuekin sartu edo ibiltzerik . Gainera, ezin da kanpadendarik jarri (bibak egitea baino ez dago baimendua).

Añarbetik Donostiaraino urak eramateko lehenengo hoditeria-obrak hasi zireneko (1896) ospakizun ekitaldietan, Mª Cristina erreginak parte hartu zuen. Ekitaldiaren oroimenez obeliskoa jarrita dago Astigarragako Bentan.

Eskualdean biztanle-kopurua gehitu zenean, ur kontsumoak ere gora egin zuen eta Donostia inguruko udalerriak elkartu egin ziren arazoari modu elkarren artean aurre egiteko. Horretarako, 1968an "Añarbeko Uren Mankomunitatea" eratu zen. Udalerriak hornitzeko nagusiki Añarbeko urtegia (1975) erabiltzen da. URtegia kokatuta dagoen Urumeako ibaiadarrari dagokio izena.

Zonak ipar-mendebaldean Domikoko muga egiten du Nafarroarekin. Añarbeko, Artikutzako eta San Antoneko urtegien kokalekuen hautaketak fenomeno klimatiko bereziari erantzuten dio. Toki honetan prezipitazioak ugariak dira: urtean 2.000 mm baino gehiago. Ozeanoko haize hezeak zona horretaraino bideratzen dira Kantabriako Mendilerroaren eta Pirinioen kontra talka egin ostean. Bestalde, tradizioz mendebaldeko Mediterraneoa zona ziklogenetikoa da, hau da, behe-presioak eratzen dira. Hala, hezetasunez betetako masa antiziklonikoak Ebroko ibarrerantz doaz eta zona hori iragan behar dute. Horrela, masa horiek ur asko askatzen dute eremuan.

Urria 2019
A A A O O L I
30 1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31 1 2 3