URRIA AGENDAFanderiako Errotak kurtso hasiera honetan eskaintza polita du publiko desberdinetara egokituta, ibai inguruko ondare natural eta kulturala zabaltzeko prest. Astelehenetik ostiralera eskolek Fanderiako Errota-Ibaiaren Etxeak eskaintzen duen hezkuntza programako jarduera desberdinez gozatzeko aukera izango dute, errota bera ezagutzeaz gain, ibai inguruko ibilbide gidatuak aukera ditzakete gai zehatzak landuz: Ibai ekosistema, Erriberako basoa osatzen duten zuhaitzak, Espezie Exotiko Inbaditzaileak eta Mehatxatuak edota Gizakiaren Eragina Ibai Ekosisteman. Fanderiako Errotako ingurumen hezitzaile taldeak sortutako eskaintza zabal hau Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago eta eskolan bisita aurretik edota ondoren gaia lantzeko iradokizunekin lagunduta dator.

Fanderiako Errotaren Interpretazio Zentroan (Ibaiaren Etxea), familiek ere badute aukera dotorea ibai inguruko ondareaz gozatzeko kurtso hasiera honetan. Batetik, Habitataren Nazioarteko Eguna dela eta, ibai habitata ezagutzeko bi jarduera praktiko proposatzen dira arratsaldez, lehena, urriaren 9an, “Ibai esploratzaileak” eta bestea, berriz, urriaren 11ean, “Ur kalitatea aztertzen deiturikoa. Bestetik, Nazioarteko Elikaduraren Eguna ospatzeko “Iriña eginez” bisita bereziak eskainiko dira arratsaldeko saioetan berriro ere, urriaren 16an eta 19an. Jarduera honen bidez, errotako errotarriak lanean jarriko dira artoa txikituz eta bertara hurbiltzen den bisitariak arto irina eskuratzeko aukera izango du.

Jarduera guzti hauetan parte hartzeko aurre erreserba beharrezkoa izango da Oarsoaldeko turismo bulegoaren bitartez (943494521; Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.). Jarduera hauek doakoak eta publiko zabalarentzat irekiak dira, euskaraz nahiz gazteleraz egin daitezkeenak.

Gainera, urte osoan zehar, Fanderiako Errota-Ibaiaren Etxeak Oiartzun eta Urumea ibaien ekosistemak Errenteriako udalerriari emandako onurak eta historian eman diren erabilera anitzak antzemateko erakusketa iraunkorra eskaintzen du. Astebururo eta baita festa egunetan ere 10:00etatik 14:00etara bisitatu daitekeelarik.Bi ikus-entzunezko eta hainbat informazio panelek gure kabuz bisitatzeko aukera emango digute eta gida batek errotarriak martxan jarri ez-ezik, ibaiaren ondare natural eta kulturalean murgilduko gaituen azalpenak emango ditu.

Eraikin honek industriak Errenterian izan duen indarra eta bilakaera aditzera ematen du. Izan ere, jadanik XV. mendean, bertan kokatzen zen burdinolak uraren indarra erabiltzen zuen energia eragile gisa. Burdinola hori, urteetan zehar, fanderia, errota eta irin eta pentsu-lantegia ere bilakatu zen, 1996. urtean itxi zen arte. Gaur egun, XXI. mendera egokituz, Errenteriako udalak ibai ondarea ezagutu eta maitatzeko ekipamendu publiko bilakatu du, denok gure herrian dugun altxor hau ezagutzeko aukera eskainiz.

Urria 2019
A A A O O L I
30 1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31 1 2 3