supermerkatuaErrenteriako Udalak jatetxeei eta fruta-dendei zuzendutako kanpaina berria jarri du abian hiri-hondakinen prebentzioan lan egiteko eta bereziki, janari-xahuketa saihestearen alorrean sakontzeko. Ez dugu ahaztu behar, hiri-hondakinen frakziorik garrantzitsuena materia organikoa dela (%40a) eta horren barnean alferrik galtzen dugun janariak eragindako hondakin kantitatea oso altua dela; hondakinen kudeaketa-iherarkian prebentzioa da lehen estadioa eta garrantzitsuena, hau da, ahalik eta hondakin gutxien sortzea helburu duena.

Udaleko Ingurumen sailetik gutunak bidali dira jatetxeetara, tabernetara eta fruta-dendetara kanpainaren berri emanaz. Ingurumen-teknikarien talde baten laguntzarekin, establezimendu bakoitzean sortzen diren hondakinak eta nola kudeatzen diren aztertuko da. Ondoren, hondakin gutxiago sortzeko eta gaika hobeto biltzeko lagungarriak izango diren ekintzak proposatuko dira eta baliabideak eskaini. Hobekuntza-neurri horiek abian jartzen dituztenei, Udalak etiketa bana emango die lokalean jartzeko eta haien aipamena egingo du udal-webgunean.

Kanpainan parte hartu nahi duten establezimenduek izena eman behar dute aurrez hurrengo telefono-zenbakira deituz: 943 670249

Errenterian aurrerapauso handia egin da azken bi urteetan hiri-hondakinen gaikako bilketan eta birziklapenean, % 42tik % 60 gaika biltzera pasa baita. Udalak hartutako neurriei (bilketa-sistemaren aldaketa, hondakinen ordenantza berria), herritarren erantzun bikaina gehituz iritsi da egoera horretara. Hala eta guztiz ere, oraindik badago gaikako bilketan hobetzeko tartea, bai kalitatean bai kantitatean, eta ahalegin horretan jarraitzeko asmoa dauka Udalak.

Azaroa 2019
A A A O O L I
28 29 30 31 1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 1