Errenteriako Listorreta-Barrengoloia aisialdi gunean Gida Zerbitzu Ofiziala martxan jarriko da aurten berriro ere. Abuztuaren bigarren asteburutik aurrera, Aiako Harria Parke Naturalean kokatuta dagoen eta Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendapena duen gune zoragarri honen natur eta kultur ondarea ezagutzeko aukera paregabea egongo da gida adituen eskutik. Natura 2000 Sarearen barruan babestuta dago Aiako Harria.
Eskainiko diren 3 ibilbideetatik lehenengoa “Lau Haizeta Parkea eta bere monumentu megalitikoak” izeneko bisita gidatua izango da. Abuztuaren 8an, larunbata, goizeko 10:00etan izango da ele bietan. San Marko gotorlekuan du hasiera puntua.
Bisita honetara animatzen direnek, 600 hektareatako naturgune babestu honetan aurkitzen den Txoritokietako Estazio Megalitikoa ezagutuko dute, bertan lehen gizakiek hildakoei eraikitako monumentu prehistoriko desberdinak aurkituko dituzte; trikuharriak eta tumuluak. Gainera, XIX. mendeko San Marko eta Txoritokieta gotorleku militarrak eta inguruko baso eta hezeguneak ezagutzeko aukera izango dute. Bisita honek 3 orduko iraupena du.
Bestalde, orain dela zenbait urte egindako aurkikuntzek berebiziko interesa eman diete “Aizpitarte haitzuloetako bisita” gidatuari, baita beren sarrera mugatu ere dagokion babes maila bermatzeko. Aurkitutako grabatuek gure arbasoen bizimoduari buruz dugun ezagutza sakontzen dute, antzinatasuna, erabilitako teknika eta euren kontserbazioa direla medio, ezohizkoak. Bisitaren iraupena 1,5 ordukoa da.
Irteera gidatuen eskaintza “Añarbeko Baso Erreserba” bisitarekin osatzen da. Irteera honetan, paisaia zoragarriez gozatzeko aukeraz gain, Malbazarko eta Pagosardeko hezeguneetan aurkitzen den fauna, flora eta euren berezitasunak ezagutzeko aukera ere izango da. Ibilbideak aparteko pagadietan sartuko ditu bisitariak eta baso hauen bioaniztasun-maila handia ezagutuko dute. Ibilbide honek 4 orduko iraupena izango du.
Urria arte luzatuko da ibilbide gidatuen eskaintza eta guztira 12 bisita eskainiko dira. Guztiak goizeko 10:00etan hasiko dira, baina egutegi eta abiapuntu desberdinekin, bisita motaren arabera.
Ibilbide gidatu hauek guztiak doan izango dira.
Hauetako edozein ibilbide gidatu egiteko beharrezkoa da Errenteriako Turismo Bulegoan aurretik izena ematea, bai 943 494 521 telefonoan edo baita turismoa@oarsoaldea.eus posta elektronikoan. Turismo bulegoaren ordutegia: uztaila eta abuztuan astelehenetik igandera 9:00-14:00 / 16:00-19:00. Gainontzean, asteartetik larunbatera 10:00-14:00 / 16:00-18:00 eta igandetan 10:00-14:00.